argia.eus
INPRIMATU
Tabakaleraren kultur zuzendari berria aukeratzeko prozesua martxan da
  • Ane Rodriguezek Tabakalerako kultur zuzendaritza utziko duela iragarri ostean, martxan dago haren ordezkoa aukeratzeko prozesua, Campo & Ochandiano enpresak bideratuta.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko otsailaren 18a
Tabakalerak martxan jarri du zuzendari kultural berria aukeratzeko prozesua.

Lan-eskaintzan zehazten denez, kultur zuzendari berriak Edurne Ormazabal zuzendari orokorraren agindupean egingo du, duela hilabete onartutako plan estrategiko berria ardatz hartuta.

Iazko urtarrilean hasi zen biraketa osatuko da, horrenbestez, izendapen berriarekin: Tabakaleraren administrazio kontseilua osatzen duten erakundeek (Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) duela urtebete izendatu zuten Ormazabal zuzendari nagusi, haren lanpostua zentroaren hierarkian Ane Rodriguezen esku zegoen zuzendaritza kulturalaren gainetik jarriz.

Euskaraz jakitea eskakizunen artean

Martxoaren 5era arte dute hautagaiek beren burua aurkezteko aukera. Baloratuko diren ezaugarrien artean, honakoak daude: unibertsitateko titulua edukitzea –lanpostuarekin lotura duten tituluak bereziki baloratuko dira–; beste kultura-zentro, -proiektu edo -programa batzuk kudeatzen izandako esperientzia; Tabakaleraren ingurune kultural, instituzional, sozial eta ekonomikoa ezagutzea; eta bi hizkuntza ofizialak (gaztelania eta euskara) ondo erabiltzea, baita ingelesa ere –adibidez, Tabakaleran dagoen Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendaria aukeratzeko, ez zuten euskara eskakizunen artean sartu–.

Horietaz gain, “aintzat hartuko da esperientzia kulturaren esparruan, praktika artistikoetan eta/edo ikus-entzunezko sektorean, diziplina anitzeko sorkuntzaren esparruetako kultura-zentroen kudeaketan, nazioarteko kultura-proiektuetan, kultura- eta sorkuntza-industrien sektorean, edo ekonomia- eta gizarte-eragileekin lankidetzan gauzatutako proiektuen kudeaketan”, Campo & Ochandianoren webgunean irakurtzen denez.

Hiru betebehar aurreikusten ditu lan-eskaintzak zuzendari kultural berriarentzat: sorkuntza-prozesuak sustatzea, kultura herritarrengana gerturatzea xede duen programazioa bat osatzea, eta sorkuntza- eta kultura-industriak garatzen laguntzea.