argia.eus
INPRIMATU
Tabakaleran diziplina anitzeko ‘Atenea’ espazioa zabalduko du Kutxak 2026an
  • Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo Eureka zientzia museoa.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko ekainaren 12a
Kutxak Eureka zientzia museoa itxiko zuela iragarri eta lau urtera aurkeztu du 'Atenea', Tabakalerako espazio berria izango dena. Wikimedia Commons / Tabakalera CC-BY-SA 4.0

Kutxa Fundazioak 2021ean iragarri zuen aldaketak egingo zituela bere ekintza sozialeko jardueran eta, besteak beste, Donostiako Miramonen dagoen Eureka Zientzia Museoa ixtea ekarriko zuela estrategia aldaketa horrek. Baina aldi berean, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean Tabakaleran zituen aretoen erabilera sustatuko zuela ere aurreratu zuen. Lau urte geroago 2030 urterako Plan Estrategikoa aurkeztu du, eta horrekin batera, Atenea, diziplina arteko espazio berria izango dena.

2030 urtera arte 250 milioi euroko aurrekontua izango du fundazioak bere plan estrategikoa gauzatzeko, hezkuntzari, zientziari, sormenari eta jasangarritasunari loturiko jardueretan

Asteartean aurkeztu dute plan estrategikoa Tabakaleran Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak eta Berrikuntza arloko zuzendari Miren Karmele Gomezek. 2030 urtera arte 250 milioi euroko aurrekontua izango du fundazioak bere plan estrategikoa gauzatzeko, hezkuntzari, zientziari, sormenari eta jasangarritasunari loturiko jardueretan.

Aldaketa nabarmenena Atenearen sorrera izango da, “sormernari, jakin-minari eta ezagutza artistiko, zientifiko eta humanistikoari irekia”, azaldu dute. Fundazioak Tabakaleran duen espazioaren “potentziala aprobetxatzea” helburu,  beheko solairuan, eta lehen zein laugarren solairuetan banatuta, 6.300 metro koadroko azalera izango du. 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuak eta 2026ko udazkenerako zabaldu nahi dute.

Beheko solairuan Artebidea argazki erakusketa aretoa mantenduko da –gaur egun Artegunea dena– eta horrez gain Jakinbidea ere egongo da, “galderak sortzea eta pertsonak galdera horien bidez ezagutza propioa eraikitzera gonbidatzea helburu” duena. Lehen solairuan, berriz, Kutxa Klubak jarraituko du.

Kutxaren espazio berriak Tabakalerako eraikineko beheko solairuan eta lehen eta laugarren solairuetan paratuko dituzte. Irudia: Kutxa Fundazioa

Zientziabidea, Eureka museoren ondorengoa?

Espazio handiena laugarren solairuko Zientziabideak hartuko du, elementu museografikoen eta beste hainbat jardueraren bidez zientziari loturiko edukiak landuko dira bertan. Aizpuruak eta Gómezek ez dute argitu gune horretara eramango ote dituzten Eureka zientzia museoko material batzuk, oraindik aztertzen ari direlako gune horren osaera. Miramongo eraikina 2026 urte erdialdean itxiko dute, nolanahi ere.

Tabakalera zentroaren “disziplinartekotasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidean” jarraitu nahi du Kutxak, eta horretarako Amsterdameko Science Museum edo Pariseko La Cité des Sciences et de l’Industrie dituzte inspirazio iturri. Azkeneko honek, 40 urteko ibilbidea du, lau milioi bisitari jasotzen ditu urtean eta mundu mailan erreferentzia nagusietakoa da.

Zientziabidea, laugarren solairuko espazio nagusiaren errekreazio bat. Irudia: Kutxa Fundazioa.

“Ekipamendu berri eta berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu –azaldu du Gomezek–, gure komunitatearen beharrei zentzurik zabalenean erantzuteko konfiguratu dugu”. Gainera, berrikuntzako zuzendariak nabarmendu du STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika biltzen dituen akronimoa) ezagutzarako eta transmisiorako espazio gisa proiektatu dutela Atenea: “Gu guztiok gogoeta egitera eta entzuten eta irakurtzen dugunarekin kritikoagoak izatera bultzatzeko”.

Kutxak 2014an hartu zuen banku fundazio bihurtzeko erabakia –urte hartan patronatu batek eskuratu zuen erabakimena–, eta Kutxabanken %32ren jabe da gaur egun. Besteak beste, bankuak sortzen dituen dibidenduetatik finantzatzen du bere ekintza soziala.