Tabakalerako zine-eskola zuzentzeko lehiaketa publikoa astelehenean argitaratu da. Deialdiak ezartzen dituen baldintzen artean ez dago zuzendariak euskaraz jakitea.
Baliteke Tabakalerako Ikus-entzunezko Formakuntza Zentroa zuzenduko duen persona erdaldun elebakarra izatea, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua eta zuzendaritza adjudikatzeko argitaratu dituen baldintzetan ez baitago hizkuntza-gaitasunarekin lotutako irizpiderik.
Momentuz proiektuak aukeratzeko lehen fasearen baldintzak argitaratu dira eta hamabigarren atalean, puntuaketa zehazten duenean, irizpide orokor batzuk baino ez dituzte ezarri: proposamenaren “kalitatea” 45 punturekin baloratuko da, kontuan hartuz adierazpen formala, balio kulturalak barne hartzea, proposamenaren adierazgarritasuna eta presentzia.
Lehen fasean epaimahai batek baloratuko ditu proposamenak; bigarrena ez da zehaztu eta informazio publiko gabe egin daiteke
Puntu kopuru bera eman zaio Tabakalerarekin, Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin egokitzeko gaitasunari. Eta azkenik, 10 punturaino baloratuko da proiektuaren jasangarritasuna eta bideragarritasuna.
Aurkeztutako proposamenak aztertuko ditu hiru laguneko talde batek: Ane Rodriguez, Tabakalerako kultura zuzendaria; Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; eta Lucía Olaziregi, Donostiako Zinemaldiko zuzendari ordea. Ondoren, bigarren fase bat iragartzen du astelehenean publiko egindako dokumentuak, baina ez du zehazten nolakoa izango den eta aukera ematen du azken erabakia informazio publikorik gabeko prozedura bidez hartzeko.
Eskola martxan, euskarazko ikus-entzunezkoen proiektua standby
PSEko Denis Itxaso Kultura diputatua izan da orain arte Tabakalerako zine eskolaren aurpegi instituzionala eta duela hilabete inguru esplikatu zituen Donostiako kultura garaikideko zentroan martxan jarri nahi dituen egitasmoaren xehetasun batzuk. Hiru lerro izango ditu formazio zentroak, zine-artxiboarekin, komisariotzarekin eta sorkuntzarekin lotuta.
Zuzendaritza adjudikatzeko deialdia baino lehen argitaratu zen obrak egiteko lehiaketa eta 285.000 euro baino gehiagoko kostua izango dute.
Tabakalerako formakuntza zentroa bat dator Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak 2015eko hauteskunde kanpainan egin zuen promesa batekin: Egiako eraikina ikus-entzunezkoen sormen gune bihurtzea. 2016ko Abadia saria emateko ekitaldian berretsi zuen asmoa, ñabardura batekin: bi proiektu desberdindu zituen, orain esleituko den formazio zentroa, batetik; eta euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzara bideratutako “esperientzia pilotu” bat bestetik. Bigarrenari buruzko informazio zehatzagorik ez dago oraingoz.