argia.eus
INPRIMATU
Tabakalera irailaren 11n irekiko dute
  • Ostiralean Tabakalera Donostiako tabako fabrika zaharrak bere ateak berriro zabalduko ditu “Kultur Garaikideko Zentro” bihurtuta. Eraikinak 37.000 metro koadro ditu eta 50 milioi euro inguruko kostua izan du.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 07a
Hainbat urtetako proiektuaren ostean Tabakalera irekiko dute (Argazkia: Tabakalera.eu)

Inaugurazio ekitaldia 18:00etan hasiko da Pottors eta Klitoren kontzertuarekin, eta performance bidezko ibilaldiekin jarraituko du. Asteburuan musika emanaldiak, erakusketak eta lantegira bisitak antolatu dituzte: Alex Mendizabal eta Pierre Berthet musikariak eta Cristina Lucas eta Quim Pujolen performanceak, besteak beste. Pablo Marte eta Marion Cruza, tabako fabrikako langile ohiak ere bertan izango dira.

Tabakaleraren antolatzaileek esan dute irekieraren aurreko hiru egunetan proiektu kulturala eta eraikina ezagutzeko aukera eskainiko dutela “begirada, ahots eta ikuspuntu ezberdinetatik”.

Proiektuaren helburua “komunitate sortzailea indartzea eta eragile eta herritarren artean elkarlanerako eta harremanerako aukera guneak sortzea” izango da.

Tabako fabrika zaharrean hainbat erakundek parte hartuko dute: Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategia, Zineuskadi, Donostiako Zinemaldia eta Kutxa Fundazioa, besteak beste.

Tabakalerak eta Donostia 2016k “Ikusmira Berriak” programa abian jarri dute, eta jardunaldiak izango dira irail amaieratik aurrera.