Syriza Greziako Gobernura sartu zenetik 100 egun bete dira aste honetan. Tsiprasen gobernuak Euroguneko kideekin izandako elkarizketak eta pobreziari aurre egiteko hartutako neurriek oihartzun handia izan dute.
Georgios Karakasis-ek hiru urte daramatza Euskal Herrian. Zientzia Politikoak ikasitakoa, egun EHUko Filosofia fakultatean (Donostia) gudari buruzko tesia idazten ari da. “Greziako egoera oso zaila da”, adierazi dio Info7 Irratiari.
Hauteskunde aurretik eta ondoren egoera oso ezberdina dela gehitu du: “Oraindik pixka bat itxaron beharko dugu. Hala ere ez dut uste Syrizak errandako guztia eginen duenik”.
Syiriza fenomenoa
Kanpotik “benetako” ezkerreko aukera gisa bezala ikusten den arren, Syriza koalizio zabala dela azpimarratu du Krakasisek: “Syriza barruan badago Syriza txiki bat, Ezkerreko Plataforma, askoz erradikalagoa dena”.
Eskuinera joateko arriskua
Kanpora begira berriz, arazoa ekonomikoa eta humanitarioa dela adierazi du: “Euroguneari dagokionez, Syrizak errealitatea ikusi eta behar duena egiten du, ez da ezkerreko edo eskuineko gauza”.
Grezia barruan, aldiz, muga ideologikoak poliki-poliki arazoak sortzen hasia dira: “Syriza ezkerra dela eta horrela jarraitu behar duela esaten diote Tsiprasi”.
Yanis Varufakis Finantza ministroari dagokionez, Euroguneko kideekin egindako elkarrizketen ondoren negoziazio taldeko koordinaziotik kendu du Tsiprasek: “Eurogunean gauza asko esan zituen eta horrek eztanda egin du”.
Zorra ikertzeko taldea
Greziako Gobernua erreskatea eskatzera zerk bultzatu zuen aztertzeko ikerketa taldea eratu du Gobernu berriak. Georgios Papandreu lehen ministro ohiak izan zuen papera aztertzea garrantzitsua dela azpimarratu du Karakasisek: “Eskuinak berak egoera txarra zela erran bazuen ere, Papandreuk dirua bazegoela aitortu zuen 2009ko hauteskundeen atarian”.
“Papandreu oso pertsonai arraroa izan da, bereziki ezarri ziren botere harremanei dagokionez”, gaineratu du greziarrak.