argia.eus
INPRIMATU
Suzko barrikada eta pikete masiboa Tubacexen, kaleratzeen bezperan
  • Tubacexeko langileen greba mugagabearen 63. egunean, langileek pikete masiboa eta suzko barrikada egin dituzte Amurrioko lantegiaren sarreran. Biharamunerako daude aurreikusiak 129 kaleratze.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 14a
(Argazkia: Aiaraldea)

Bi hilabete daramatzate borrokan Tubacexeko langileek, enpresak gauzatu asmo dituen kaleratzeen aurka. Ostegunerako, apirilak 15, daude aurreikusita 129 langileren kaleratzeak. Bezperan, 63. greba egunean, grebalariek pikete masiboa egin dute Amurrioko lantegiaren ateetan, bertan parte hartzera dei eginez bi lantegietako plantilla osoari. Zuzendaritzaren autobusari sarrera oztopatzeko, suzko barrikada egin dute goizeko lehen orduan. Suhiltzaileak bertaratu diren arren, sua itzali gabe buelta eman dute, langileen txalo artean:

Egun erabakigarriaren bezperan, mezu argia helarazi nahi izan dute: “Tubacexen ez dago inor soberan”. Osteguna eta gero greba mugagabea ez dadila eten eskatu die langileei enpresa batzordeak, kalean geratuko diren lankideei babesa ematen jarraitzeko. Aleak jaso duenez, hala adierazi die: “Denok gaude itsasontzi berean eta helburu berarekin: lanera itzultzea kaleratze traumatikorik gabe”.

Aipatu hedabideak jaso duenez, sindikatuek salatu dute enpresako zuzendaritza langileak banan-banan ari dela deitzen, lanera joan daitezen lortu asmoz. Horren aurrean, enpresa batzordeak zuzendaritzaren telefono deiak grabatzeko gomendioa egin die langileei, solaskideari deia grabatzen ari dela jakinaraziz.