Udaltzain guztientzako oinarrizko ekipamendua zehazten duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, 9 mm-ko parabellum arma, munizioa, girgilluak, borra motz edo luzagarriak, txilibitua, balen aurkako txalekoa eta eskularru beltzak.
Udaltzainen ekipamenduan “homogeneotasuna lortzen joatea” da dekretuaren helburua, “polizia-jardunaren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko”. Herri eta hiriek urtebeteko epea dute, dekretuan zehazten den material guztiaz hornitzeko bere agenteak. 5.000 biztanletik beherako herrietan, epea bost urtekoa da. Materialak emakume eta gizonek modu berean erabiltzeko egokituta egon behar duela ere badio dekretuak.
Oinarrizko ekipamenduaz gain, polizia-ibilgailuetan eraman behar duten materiala (konoak, botikina, mantak, linternak...) eta hori guztia nola erabili arautzen da. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aurkeztu du "Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen armamentua eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsakoak eta horien hornidura arautzeko dekretua".
Araudiak dioenez, alkateek erabaki ahal izango dute polizia-zerbitzu jakin batzuk armarik gabe egitea. Bizia galtzeko edo fisikoki arriskurik ez dagoen ekintzetan baino ezingo da halakorik baimendu eta horretarako, alkateak txosten bidez helaraziko dio erabakia Udaltzaingoaren buruzagitzari.