argia.eus
INPRIMATU
Suteen ondorioz Nafarroan hartutako neurriak kritikatu dituzte ekologistek
  • Ekologistak Martxan, Sustrai Erakuntza eta Lurra taldeek ohar bateratua kaleratu dute eta nabarmendu dute Nafarroako Gobernuaren neurriak berandu datozela eta ez direla nahikoak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 05
Sute batek eragindako kalteak etxebizitza baten ondoan. Argazkia: Berriak - Nafarroako Gobernua, @noticiasgob_na Twitterren.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ingurumen Kontseiluan aurkeztu ditu suteen aurkako neurri berriak. Talde ekologistek diote luzarotik eskatzen aritu diren proposamenetako batzuk jaso direla, baina azpimarratu dute sute-uholdearen ondoren etorri direla, sute gehienak saihestu zitezkeenean. Eskatu dute suteak prebenitzeko asmo handiagoko neurriak “irmoki eta nahitaez” hartzea.

Oharrean adierazi dutenez, bost sute tximistek eragindakoak izango lirateke, bi tren baten txinpartek eragindakoak, hiru ikertzeko daudenak giza jardueraren susmoarekin, eta gainerako hogeiak, % 67, uzta biltzeko makinen txinpartek eragindakoak. Ekonomikoki kaltegarrienak diren bi suteek uzta biltzeko makinek eragin dituzte: Valdizarbe – Erreniega eta Bardeako ingurua.

Egurasko Erreserba Naturalean 2021ean izandako sute larriaren ondoren, Nafarroako Gobernuak urtebete “neurririk hartu gabe” eman duela salatu dute. Aldiz, aspalditik eskatzen aritu diren proposamenak kontuan hartu balituzte “sute horietako asko” ez zirela gertatuko azpimarratu dute. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Ingurumeneko zuzendari nagusiak eta Nekazaritzako zuzendari nagusiak kargua uztea eskatu dute.

Bestalde, Errigora elkarteak kalteei aurre egiteko diru-bilketa hasi du. Taldeak bat datoz: kalteak “oso handiak” izan direla argi geratu da eta denek adierazi dute zorionez ez dela giza biktimarik izan.

Ekologistak Martxan, Sustrai Erakuntza eta Lurra erakunde ekologisten oharra hemen osorik.