argia.eus
INPRIMATU
Suteen arrisku “oso altua” dela-eta, larrialdi plana jarri dute martxan Nafarroan
  • Sute arrisku handia aurreikusi dute egunotarako Nafarroan. Babes zibil eta larrialdietako zerbitzuak, suhiltzaileak, Poliziaren ingurugiroaren babes brigada, ingurugiroaren departamentua, Guardia Zibila eta Estatuko Agentzia Meteorologikoaren Nafarroako delegazioa abuztuaren 18an bildu ziren, eta INFONA deituriko babes zibil eta larrialdien plan berezia jarri zuten martxan.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 22a
Sute larrialdia erakusten duen mapa / Argazkia: Estatuko Agentzia Meteorologikoa (AEMET) Sute larrialdia erakusten duen mapa / Argazkia: Estatuko Agentzia Meteorologikoa (AEMET)

Estatuko Agentzia Meteorologikoak  “arreta handiz jokatzea” eskatu die herritarrei, batez ere baso inguruetan bizi direnei. Suaren erabilera, parrilladak egitea esaterako, basoetako bideak oztopatzea eta txinparta eragin dezaketen garraio edo makinak erabiltzea debekatuta dago.

Abuztuaren 18an bildu ziren adituak, gaia aztertu eta neurri batzuk hartzeko. Babes zibil eta larrialdietako zerbitzuak, suhiltzaileak, Poliziaren ingurugiroaren babes brigada, ingurugiroaren departamentua, Guardia Zibila eta Estatuko Agentzia Meteorologikoaren Nafarroako delegazioa bildu ziren besteak beste, eta bertan erabaki zuten aipatu neurriak martxan jartzea.

Neurriak zalantzan

Duela gutxi ARGIAn argitaratutako erreportaje batean azaldu genuen Nafarroako Gobernuaren neurriekiko desadostasunak nabarmenak direla. Batez ere, orain arte borondate politiko gutxi erakutsi duela argudiatuta. Gobernuaren neurri nagusia udalei ardura pasatzea dela salatu du Xabier Unzue abeltzainak. Suteak ekiditeko ezer baino lehen prebentzioa dela garrantzitsuena azpimarratu dute Mirian Otxotorenak eta Unzuek, erreportajean.