argia.eus
INPRIMATU
Sutea jazo da Portugaleteko Sastraka gaztetxean
  • Astelehen gauez piztu da sutea, barruan inor ez zegoela. Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, sua eragindakoa izan da.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko abuztuaren 25
Argazkia: Sastrako Portugaleteko Gaztetxea

Astelehen gauez gertatu zen sutea, 21:45 aldera, gaztetxeko kideek Tele7ri jakinarazi diotenez. Azaldutakoaren arabera, Sastraka hutsik geratu zen 21:30ak aldera, eta ordu laurdenen buruan sutea antzeman zen eraikinaren fatxadan eta teilatuan. Barruan ez zegoen inor sua piztu zen unean, eta zauriturik ez du utzi suak. Suhiltzaileen esku-hartzea beharrezkoa izan da sua itzaltzeko.

Tele7ri egindako adierazpenetan, sutea kanpotik eragin dela adierazi dute gaztetxeko iturriek. Itzulingururik barik mintzatu dira beren sare sozialetan: “Ez daukagu zalantza izpirik sutea kanpoko baten batek eragindakoa izan dela”. Oraindik gertakariak argitzeko dauden arren, hipotesi hori indartzera datoz eraikinaren barrualdean aurkitutako pintaketak. Suhiltzaileak eraikinera sartu ahal zitezen atea irekitzerakoan, gaztetxeko kide batek pintaketak begiztatu zituen paretetan. Horiei ateratako argazkietan “Gora Ortuzar” eta “Urkullu Dios” irakur daiteke.

Sastraka gaztetxea uztailean okupatu zuten, zortzi urtez hutsik egon ostean. Iraganean El Carmen ikastetxea izan zen, eta Eusko Jaurlaritzak ondare izendatua da.

Mobilizaziora deia

Astearte goizean Sastrakako kideek adierazi dute ez dutela gaztetxearen aurkako erasorik onartuko, eta mobilizazioa deitu dute. Manifestazioa astearte iluntzean egingo da, eta 19:00etan abiatuko da Portugaleteko Carlos VII metro geltokitik.