Gasteizen sortu da ekimena. Instagram bitartez langileen lekukotasun anonimoak zabaltzen ditu, “lan esperientzia txarrak sufritu dituzten pertsonek euren bizipenak konpartitzeko aukera izan dezaten”.
Sutan Gaude ekimena sortu da Gasteizen. Sustatzaileen helburua “lanari dagokionean dagoen egoera orokorra, eta zehazki Gasteizen dagoena” bistaratzea da. Kezkaz bizi dituzte nagusi diren lan baldintzak: “Prekarietatea eta lan baldintza txarrak gero eta ohikoagoak dira, arazo orokortua”.
Horren aurrean, instagram kontu batean esplotazio egoeren lekukotasun anonimoak argitaratzen ditu Sutan Gaudek. “Beldurragatik edo partekatzeko ezintasunagatik ezkutuan egon diren errealitate asko ezagutzeko eta konpartitzeko balioko du”, diote. “Lan baldintza negargarriak, nagusiaren tratu txarra, edo lan munduan beste edozein bidegabekeria” ikustarazi eta salatzea da helburu nagusia. Horrelakoak pairatzen dituzten pertsonei dei egiten diete euren lekukotasuna helaraztera.
Zazpi lekukotasun
Momentuz zazpi lekukotasun argitaratu ditu Sutan Gaudek. Egoeren zein lan esparruen aniztasuna handia da. Gasteizko ostalaritza, industria, zaintza, eta gizarte zerbitzuen alorreko enpresatan lan egin duten pertsonen lekukotasunak daude ikusgai Instagram kontuan. Soldata baxuak, nagusien tratu txarrak, praktiketako kontratupean esplotazio gehigarria, kontratutik kanpoko edota ordaindugabeko lan orduak, edo segurtasun neurriak ez errespetatzea jasotzen dituzte lekukotasunek, besteak beste.