argia.eus
INPRIMATU
Sustrai helduak, sustrai gazteak, etorkizunaren bermea

Artiako Lagunak 2020ko ekainaren 04a

Zuhaitz gazte bat landatuko dugu bihar Artia auzoan. Umeek ureztatuko dute, eta beraiek izango dira zuhaitz honen emankortasunaren lekuko: kimuek, haziek, loreek, adaxkek, hostoek, enborrak eta euren artean biziko diren ehunka espeziek sasoian-sasoiko itxura eskainiko dute, edertasunaren aurpegi ezberdinak erakutsiz, etengabeko eraldaketan. Sustrai ikusezinek lur azpiko ibilbideak bilatuko dituzte, eta ageriko atalei beharrezko elikagaien garraioa bermatuko diete. Lurraren, uraren eta sustraien arteko sinbiosiak bizitzaren loraldia ahalbidetuko du.

"Udalak moztu nahi dituen ezkien defentsa lurraren eta uraren aldeko aldarria da. Txingudiko padura, gure ekosistema kuttuna, aireportuak, trenbideak eta plataforma logistikoak itota dago"

Sustraiek lurra behar dute hazteko, eta lurrak sustraiak eusteko. Artiako ezki helduek euren sustraiak ainguratu zituzten duela berrogei urte, eta emankortasuna eta edertasuna adinarekin ondu dira. Auzokide sustraituenetarikoak izanik, gainontzeko bizilagunen ongizate fisiko eta emozionala bermatu dute urte guzti hauetan, eta eskubide osoa dute gauza bera egiten jarraitzeko hamarkada luzez. Auzokideek ere adinarekin sustraiak errotzen dituzte.

Ezkiak babestu dituzten Aldatsa eta Xixare bezalako elkarte agroekologikoek Bidasoa inguruko auzoetako lurra ekarriko dute elkartasunaren landaketa egiteko. Eskualdean ederki erroturik dauden elkarte hauek lurra lantzen dute tokiz tokiko eta garaiz garaiko ekoizpenaren aldeko apustu irmoa eginez. Oinarrizko beharrak asetzeko bideratzen dute lana, eta lurra beraientzat ez da baliabidea, helburua baizik. Elkarte hauek lurra behar dute, eta lurrak euren jarduera behar du. Berriro ere, sinbiosi liluragarria.

Udalak moztu nahi dituen ezkien defentsa lurraren eta uraren aldeko aldarria da. Txingudiko padura, gure ekosistema kuttuna, aireportuak, trenbideak eta plataforma logistikoak itota dago. Bidasoa ibaiaren Irungo ertzaren landaretza desagertua egonda, Artiako ezkien lerrokadura estuarioaren hedapen berdea bilakatzen da, tartean errepidea badago ere. Padurako hegaztiek pausaleku eta babesa aurkitzen dituzte zuhaitz eder hauetan, eta hauek itzala eta hezetasuna bermatzen dizkigute gizakioi, hormigoiak zapaldutako ingurunean. Ez dugu inoiz ikasiko bioaniztasuna gizakion osasunaren eta ongizatearen bermerik garrantzitsuena dela?

Arnasketa zailtzen duen koronabirusak arnasa eman dio Artia auzoari. Larrialdi egoera dela eta udalak ez ditu ezkiak oraindik moztu,

"Hemen gaude auzokideok, udalarekin pedagogia egiten saiatzen. Ezkiak gure ondarea dira, eta defendatuko ditugu"

baina tamalez, bere horretan jarraitzen du, ikerketa zientifikorik gabe, arriskutsuak direla esaten. Baina hemen gaude auzokideok, udalarekin pedagogia egiten saiatzen. Ezkiak gure ondarea dira, eta defendatuko ditugu. Sustrai heldu sendoek lurraren higadura galarazten dute, ura erakartzen dute, eta fotosintesiaren bitartez oxigenoa barreiatzen dute. Noiz konturatuko da Irungo udala ezki helduak direla beroketa globalaren aurkako gerlari boteretsuenak?

Batu gaitezen larunbatean denok Artia auzoan zuhaitz gaztearen landaketa ospatzeko, eta ezki helduak omentzeko, ematen diguten guztiagatik. Ikas dezagun beraiengandik, eta lotu ditzagun guk ere sustraiak lurrari, globalizazioaren haizete eta birus bortitzak eraman ez gaitzaten. Iragana errespetatuz sendotuko dugu orainaldia eta bermatuko dugu biharamuna. Zuhaitzak memoria historikoa direlako, eta lurra eta ura, etorkizuna.