argia.eus
INPRIMATU
Sustrai Erakuntza ingurumen fundazioak diru-bilketa kanpaina abiarazi du
  • Fundazioa Nafarroan diharduen gobernuz kanpoko erakundea da, ingurumena hartzen du oinarritzat eta, batez ere, lan tekniko-juridikoa garatzen du, ingurumenaren bueltan ari diren gizarte mugimenduek lanerako eta borrokarako tresnak izan ditzaten. Esku bete lan du eta dirua behar du dena aurrera eramateko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko martxoaren 08a
Martin Zelaia, Jesús Arbizu Txurio eta Pablo Lorente Sustrai Erakuntzak argitaratutako Valle de Odieta makroetxaldeari buruzko txostena aurkezten Iruñeko Katakrak liburutegian. (Arg.: X. Letona)

Elkartea 2009an sortu zen, hamar urte pasatxo daramatza lanean beraz, eta esan liteke denbora horretan Nafarroan ingurumenarentzat kaltegarria izan den edozelako proiekturen gainean presente egon dela molde batez edo bestez. AHT gelditu! mugimenduan edota Erriberako zentral termikoen aurka aritutako jendeak sortu zuen, baina borroka haiei beste hamaika gehitu zaizkie.

Azken boladan bereziki aritu dira makroetxaldeen aurka, energia berriztagarrietan oinarritutako proiektu suntsitzaileen aurkako alegazioetan eta abiadura handiko trenaren eraikuntzaren aurka. Lana biderkatu zaiela ikusten dute, eta egin beharrekoen aurrean diru beharrak ere handitu zaizkie.

Elkartea boluntarioen lanarekin aritzen da bereziki, baina lan juridikoa edota txosten teknikoak egiten dituzten adituen lanak ordaindu behar dituzte, eta alde horretatik gero eta lan gehiago bideratzen dituzte.

Kaparrosoko makroetxaldearen salaketa

Oraintsu, adibidez, Valle de Odieta-HTN makroetxaldeak adiskidetze ekitaldi batera deitu du beste hainbat talderekin batera, Kaparrosoko etxaldearen aurkako kalumniak eta irainak egin dituztela salatuz. Martxo amaieran ikusiko da zertan amaitzen den Valle de Odietak epaitegietara eramandako bide hau, baina ez dirudi atzera egingo duenik, eta horrek beste auzi juridiko bat gehiago irekiko du, “eta, beraz, hemen ere abokatuak ordaindu beharra etorriko da”, gogoratzen dute elkartetik, Sustraik bederen esandakoetan atzera ez duela egingo azpimarratuz.

Ohituta daude justizia jauregietako bidezidorretan aritzen, batzuetan arrakastaz gainera eta harro ematen dute irabazi dituzten auzien berri, esate batera, Castejon-Iruña AHTren Ingurumenaren gaineko Eraginen Aitorpenak legez kanpo uztea, edo Castejongo zentral termikoak eraikitzeko baimenari aurre egitea legez kanpo uztea, edo beste bat aipatzeagatik, Aritzu (Anue) eta Lantz artean ireki nahi zuten ofita meategiaren proiektua erretiratzea.

Gaur egun ehun bat bazkide ditu elkarteak, eta Pablo Llorente fundazioko lehendakariak aurtengo martxoan ARGIAn egindako elkarrizketan zioenez, “onena litzateke 500 bat izatea”. Elkarteko bazkide izan nahi duenak, fitxa hau bete dezake.