argia.eus
INPRIMATU
Sustrai Colinak jantzi du Xilabako txapela
  • Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarreko bertsolarien Txapelketa irabazi du Sustrai Colinak, buruz burukoan Amets Arzallusekin lehiatu ostean. Aurtengo Txapelketak Martin Treku bertsolaria omendu du, eta 1.600 pertsona inguru bildu ditu.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 14a
1.008rekin irabazi du txapela Sustrai Colinak (Arg: Bertsozale Elkartea)

Baionako Lauga kiroldegian ospatu da 2016ko Xilaba Txapelketa, azaroaren 12an. Bertan aritu dira kantuan Odei Barroso, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua bertsolariak. Ofizioka, puntuari erantzuten eta kartzelako lanean aritu ostean, Sustrai Colina eta Amets Arzallus izan dira puntu gehien lortu eta buruz burukora pasatzeko txartela eskuratu dutenak.

Tatuajez betetako adineko pertsonen azalean jarri eta seiko motzean aritu dira bertsolariak, finalaren bigarren erdiari hasiera emateko. Hillary Clinton eta Donald Trumpen paperean ipinita kantatu dute ondoren zortziko txikian. Eta amildegi ertzean kokatu dira kartzelako lanari ekiteko. Lan puntuagarriak amaituta, erabakita gelditu da txapelduna.

1.008rekin irabazi du txapela Colinak bigarrenez. Izan ere, 2014ko Xilaba txapelketan ere bera izan zen garaile. Horren harira, “beste urrats bat ematea eta orain dela bi urte baino bertsolari hobea izan daitekeela erakustea” berarentzat “garrantzitsua” zela azaldu du bertsolariak, Garak egindako elkarrizketan.

Bere atzetik sailkatu dira Amets Arzallus (998 puntu), Maddalen Arzallus (581), Odei Barroso (576,5), Miren Artetxe (571) eta Xumai Murua (537,5). Lehen bost sailkatuek, 2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartzeko txartela lortu dute.  

Martin Treku Mattin bertsolaria omendu dute aurtengo txapelketan, 100 urte bete baitziren urrian bera jaio zenetik. Haren belaunaldia izan zen bertsogintzan hegoaldearekin zubiak eraikitzen lehena. Eta bere semea izan da Colinari txapela jantzi diona, Jean Pierre Treku. Horrez gain, Aitor Renteria Txato kazetari eta bertsolari zena ere gogoratu, eta Txato saria eman diote Barrosori, kantatzeko erarik politena eta doinuen erabilera sarituz.

Joana Itzaina izan da gai jartzailea, eta epaile lanetan aritu dira Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elorza, Iban Thicoipe, Abel Zabala eta Zuhaitz Olazabal. Gaiak prestatzeari eta saioak aurkezteari dagokionez, bestalde, Amaiur Lujanbio, Iban Falxa, Ihintza Ostolaza, Joana Itzaina, Karlos Aizpurua, Amaia Kastorene, Maiana Irigoien, Pantxika Solorzano, Bixente Hirigarai, Pettan Prebende eta Xan Alkhat izan dira aritu direnak.

Azken agur honekin eman dio amaiera Colinak 2016ko Xilaba txapelketari:

“Hain justu Trumpek jo duenean

mailuarekin iltzea

Marien Lepenek amestu ote

du Frantzia zuritzea?

Hiztegitatik kendu ote du

Rajoyk erabakitzea?

Normala ote da poliziak

senegaldar bat hiltzea?

Neri tokatu zait muga ertzean

sortu eta handitzea,

ta ikasi dut igurtzi ezkero

deusezten dela klitxea.

Gure herri honek badaki zer den

mututuei aditzea

ta harresiak atxeman arren

zubigintzan aritzea”.