argia.eus
INPRIMATU
Suspertze plana adosteko esperantza ez du galtzen Europar Batasunak
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko uztailaren 20a

Uztailaren 20 honetako 16:00etan abiatuko dituzte berriz ere Europar Batasuneko 27 estatuen arteko negoziaketak. Negoziaketaren laugarren eguna dute, adostasunik ez dutelako lortzen. Hala eta guztiz ere, Bloomberg agentziak plazaratu dutenez, akordio batera heltzeko esperantza dute estatuek: diruaren banaketari buruzko akordio batera heldu omen dira.

Zehazkiago, alde batean Frugal Four taldekoak –Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia– eta bestetik, hegoaldekoak –Frantzia, Italia, Espainia– dira eta lehen taldekoek ez dute dirulaguntzarik nahi, guztia mailegu bidez bideratzeko xedea dutelako. Bloomberg agentziak plazaratu duenez, Frugal Four taldekoek lortu lukete dirulaguntzen heina 500 miliar eurotik 390 miliar eurora jeistea. Diruaren zati handia beraz litzateke mailegu bidez banatua.

Orotara 750 miliar euroko suspertze plana dute eztabaidagai eta banaketa moldeei buruz dituzte desadostasunak. Are gehiago, dirulaguntzak erreforma zehatzekin lotu nahi dituzte, tartean lan merkatuaren eta pentsio sistemen erreformekin. Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu berri da El Diario egunkariari eskainitako elkarrizketan. Aurreikusten duena geroz eta argiago gelditzen ari da beraz: "Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da".