argia.eus
INPRIMATU
Surik gabe gar-gar erre
  • Aurtengoa bezalako udazken negutiarra kamusada da, etsipena, askorentzat, eta plazer handi bat beste batzuentzat. Aurretik izan duen uda lehor, idor, sikuan ia ihartzeraino elkortu gara, eta azaro edo lehenabendu eta abendu hotz bustiek gauzak bere onera ekarri dituztela iruditzen zait.

Jakoba Errekondo 2021eko abenduaren 16a
Ezpelaren udazkeneko kimu berria.

Gu animaliok mugituz moldatzen gara: hotza bada sutondora; beroa bada abarora; gose edo egarri bagara jan-edanaren bila. Landareek, ordea, bere horretan bizitzen eta irauten ikasia dute: bero sapa, hotz minena, elurtea, egarbera edo gosebera, hantxe egon behar, hantxe bizi behar.

Badira urrutitik ekarritako landareak, gure edertasun egarria berdintzeko eta hiltzeko ibilbidean, inguruan landatzen ditugun bidelagunak. Nongotarrak diren hango klima baldintzetara jarriak egongo dira, eta, hemengo kuadrillako egiten ditugunean, ondo, hobeto edo hola edo hala egokituko dira. Azken finean gu bezalakoak dira landareak. Toki hotzago batetik datorren landarea, ziur aski, ondo moldatuko da gure Euskal Herri epel honetan. Gure amona Barrenetxebekoko Joxepa zenak zioen bezala, “hazi onena urak ekarritakoa da”. Hotz handia behar dutenak, ordea, ezingo dira ondo bizi. Bero handia behar dutenek ere nahikoa lan izango dute. Gure geografiako hotz-bero muturrenetakoak bizitzen diren tokietan izan ezean, jakina.

Abiatu berria dugun negu honetan ere makina bat landare sufritzen ariko dira; hezetasunak bustitzen duen hotza hotzagoa da. Galdezka ariko dira bata besteari: Nora ekarri gaituzte?

Kuadrillako landareak hozberak direla sumatzen baduzu ekin azkar, hotzaren kazkaizak sufritu ez ditzan. Ezagutu egin behar ditugu, eta hotzak nor penatuko duen gehien, harekin abiatu. Hotzik handiena gauez izan ohi da, eta gehienetan gauez estaltze soilarekin hotz hori ederki kenduko diogu. Honetarako eskura ditugun materialak erabili: maindire, manta, plastiko, paper... Batzuetan egitura baten gainean jarri beharko da, edo bestela landarea bilduz. Landarea berotzeko beste aukera ona ipurdiaren inguruan edozein hartzigai jartzea da: orbela, simaurra, luarra... Berria bada hobe, gehiago hartzituko du eta denbora gehiagoz berotuko du landarearen ingurua eta batez ere azpian izango dituen sustraiak, horiek izoztea eragotziz. Lurgaineko landarea erretzen bada ere, sustraiak bizirik badira seguru asko hurrengo izerdialdiarekin landarea berrituko da. 

Hurrengo urterako izango bada ere, gogoan izan: uztailaz geroztik ez ongarritu hozkilak diren landareak. Ongarriketa udazkeneko, neguko eta udaberriko kontua da; udan kendu lan hori burutik. Beranduko ongarriak kimu berri guriak piztuko ditu eta esku-eskura eskainiko dizkio neguari. Eta hark garrik gabe gar-gar erre.