argia.eus
INPRIMATU
Surf Park bat egin nahi du Donostiako Udalak Martuteneko mendi batean
  • Martutenen bederatzi hektareako azpiegitura eraiki nahi du Eneko Goiaren udal gobernuak. Hala ekarri du Gipuzkoako El Diario Vasco egunkariak abenduaren 30ean. Itsasotik lau kilometrora legoke Surf Park hau, hiriaren inguruetan urbanizatu gabe geratzen den mendi gutxi horietako batean, Antondegin. Europako surflarien Surf Riders elkartea azpiegitura hauen aurka dago, ingurugiroari egiten zaion kalteagatik.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 05
Irudian, Bristolen eraikia daukaten Surf Park-a.

Martutenen Surf Park bat egin asmo duela jakinarazi du Donostiako Udalak. Udalak ez du adierazpen ofizialik egin, El Diario Vascok argitaratu du udalaren asmoen berri. Bertan adierazi dutenez, baina, proiektua ez dago onartuta eta 2021eko ekainean bideratu nahi lukete. Behin onartutakoan, proiektua enpresa bati esleitzeko prozesua abiatuko litzateke.

Urteak dira udal gobernuko kide sozialista Ernesto Gascok kostaldeko hiri honetan azpiegitura hori jarri nahi zuela, Surfer Ruleko albiste honetan irakur daitekeenez. 2018an, Gasco alkateordeak adierazi zuen olatu artifiziala eraikitzeko gogoa "surfaren mundua profesionalizatzeko aurrerapauso gisa". Azpiegitura horrekin surfaz "gozatzeko" aukera emango litzatekeela esan zuen "kalitateko zerbitzu batekin".

Donibane Lohizunen atzera bota berri

Sare sozialetan arrabotsa sortu da berehala, eta ahotsa altxa dutenetako batzuk Donibane Lohizuneko Herri Berri plataformako kideak izan dira. Herri horretan orain hilabete gutxi bota dute atzera antzeko egitasmo bat. 66.000 sinadura bildu zituzten hilabete gutxian. Rame pour ta planète mugimenduak eta Europako Surf Riders fundazioak alarma jo ostean, bertako surflariak ere aurka posizionatu ziren, beren izenean halako "azpiegitura antiekologikorik" ez eraikitzeko aldarrikatuz.

Donibane Lohizuneko Surf Park-aren aurkako afixa.

"Garaipen kutsua duen albistea da olatu artifizialen igerilekua eraikitzearen kontra mobilizatu direnentzat. Gabonetako oparia da", adierazi zuen Surf Session aldizkariak, Naizek jaso zuenez.

"Surfaren balioen aurka"

Europako surflariek sortutako irabazi asmorik gabeko Surf Rider elkartea azpiegitura hauen aurka posizionatu da 2020an eta beren webgunean argumentazio osoa irakur daiteke. Funtsean diote, Surf Park-ek ingurugiroari egiten dioten kaltea surfari egiten dioten ekarpena baino handiagoa dela.