argia.eus
INPRIMATU
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik
  • Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 03a
Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea Erandion. Hiruka.eus.

El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, 2021ean, sei ikaslek gehiegikeriak salatu zituztenean, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Irungo epaitegi batek, prebentzio neurri moduan, Hondarribiko surf irakaslea kartzelan sartzea agindu zuen. Orduz geroztik preso dago. Denbora tarte horretan beste bost ikaslek jarri dute salaketa. Hala, Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko kartzela zigorra eskatu du; mutiko bakoitzeko sei urte, salbu eta hiru kasutan, zeinetan hamabi urteko zigorra eskatu duen. Urte bateko zigorra eskatu du haurrak sexualki esplotatzeko materiala edukitzeagatik. Epaiketa martxoaren 10 eta 21 artean egingo da Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioan.

Akusatuak surf eskola zeukan Hondarribian eta beste eskola batean klaseak ematen zituen. El Diario Vasco-k azaldu du Fiskaltzaren behin-behineko ondorioak eskura izan dituela, eta informazio horren arabera, akusatua haurren eta gaztetxoen “konfiantza irabazten” saiatzen zela. 9-10 urtetik hasitako haurrak zeuden bi eskoletan. Batez ere mutikoak aukeratzen zituen. Bere furgonetan, amarekin partekatzen zuen etxean, eta Landatako surf kanpalekuko bungalowean egiten zizkien sexu gehiegikeriak ikasleei. Irakaslea salatu duten mutikoek esan dute hasieran musuak eta besarkadak ematen zizkiela, eta azkenerako ahozko eta uzkizko sexua praktikatzen zutela, baita elkar masturbatu ere. Abusuak bertan behera gelditzen ziren ikasleak irakaslearen jarreraren “kontzientzia hartzen zuenean”, eta ondorioz, eskola uzten zuen. Ikaslea andregaiarekin hasten zenean ere, harremana mozten zen. Ikasleek adierazi dute akusatua haserretu egiten zela andregaiarekin hasten zirenean, eta eskolatik bota edo kritikatu egiten zituela.