argia.eus
INPRIMATU
Historiako emakume surflari arrakastatsuenak sexismo etengabea salatu du
  • Layne Beachley historiako emakume surflari arrakastatsuena da, zazpi aldiz irabazi du munduko surf txapelketa. Horraino heltzeko egin behar izan dituen  “sakrifizioak” kontatu dizkio The Guardiani. Azaldu duenez, “egun emakumezkoen surfa onartua dago aurreko belaunaldietako surflari emakumeek egindako esfortzu izugarriarengatik”. Oraindik egiteko asko dagoela ikusten du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 15
Layne Beachley

“Emakumeok ahalmen gutxiago dugula entzuten dudanean, 1988 urtea etortzen zait burura”, dio Beachleyk. Urte horretan sartu zen Surflari Profesionalen Elkartean, ia emakumerik ez zegoenean. “Hasieratik mehatxatuta eta gutxietsia sentitu nintzen, gizonek uste zuten guk ez genuela eskubiderik uretan sartzeko, ezta indarrik ere”, adierazi du. “Bakarrik sentitzen ginen, ez genuen babesik”. Baina, edozein oztoporen gainetik, borroka egitea erabaki zuten.

Neska bakoitzak bere erara egin zion aurre egoerari. Askok nortasun krisiak pairatu zituzten, Beachleyk azaldu duen moduan. “Aitorpena lortzeko edozer egiteko prest zeuden, askok uste zuten bide bakarra zela gizonak bezala jokatzea, gizonak bezala surfeatzea, hitz egitea, janztea”.

Bitartean, Wendy Botha, Pauline Menczer eta Pam Burridge bezalako emakumeak munduko lehiaketetan parte hartzen ari ziren, gizon onenekin batera. “Aitzindariak izan ziren, ondorengo belaunaldikooi bidea ireki ziguten”, ziurtatu du. Baina “musu-truk” egiten zuten: 1988ko emakumezko munduko txapeldunek 155.000 dolar irabazi zituzten, 16 lehiakideren artean banatzeko. Gizonek, berriz, 1,26 milioi dolar banatu zituzten 32ren artean. “Emakume hauek inspirazioa izan ziren guretzat”, azaldu du Layne Beachleyk.

Hamar urte geroago bere lehen munduko titulua irabazi zuen. Garai hartan ere sakrifizioak egin behar izan zituzten, ordea. “Lehiaketetan geundenean ezin genuen ostaturik ordaindu eta edonon egiten genuen lo, sariak saltzen genituen dirua irabazteko”.

Baina esfortzuak saria dakar. Pixkanaka, emakumezkoen surfa sendotu egin da, eta egun kirol duina eta onartua dela dio. “Harro sentitzen naiz etorkizuneko surflarientzako oinarria finkatu dugulako”, adierazi du Beachleyk. Hala ere, oraindik ez da lortu erabateko berdintasuna. Soldatak ez dira parekideak eta bere hitzetan, emakumeei lorpen handiagoak exijitzen zaizkie gizonei baino.