argia.eus
INPRIMATU
Supersurreko obren leherketek XVII. mendeko jauregia kaltetu dute Bilbon
  • Autobidea igarotzeko tunel batean izaten ari diren etengabeko leherketek etxebizitzei eta ondare arkitektonikoari eragin diete. Bilboko Bolintxu haraneko herritarrak kexu dira eta Supersur handitzearen kontrako plataformak publiko egin du salaketa.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 30a

Gau eta egun sumatzen dituzte leherketak Bilboko Seberetxe eta Buia auzoetako bizilagunek, kasu askotan lorik ez egiteraino. Azken asteotan Supersur saihesbidearen handitze lanetan tunel bat egiten ari dira eta leherketen dardarek kalteak eragin dituzte, ez soilik etxebizitzetan, baita Seberetxen dagoen XVII. mendeko jauregian ere.

Jauregi hori Bilbon dauden hiru eraikin barrokoetako bat da, Larrinaga dorrea edo Zeberitxa izenez ere ezaguna, eta babes berezia dauka bere interes arkitektoniko eta kulturalagatik.

Supersur handitzearen kontrako plataformak azaldu duenez jauregian "pitzadurak eta erlaitz zatien luiziak izan dira, eta poliziak eta suhiltzaileek esku hartu behar izan dute fatxadak ziurtatzeko eta eroritako zatiak kentzeko".

Horrez gain, etxebizitzetan ere pitzadurak agertu dira. Inguruan, hain justu, XVI. mendeko baserri batek iraun du orain arte. Hala, plataformak beste behin eskatu du lan "garesti, xahutzaile eta alferrikako hori geldiaraztea".

Bolintxu haranean aspaldi ari dira bizilagunak Supersur handitzearen kontrako protestetan. Manifestazioak ere egin dituzte, talde ekologisten aburuz Bilbon dagoen azken arnasgune naturala da –Arnotegi eta Pagasarri mendien artean, baserriak eta basoa kontserbatzen diren bakarra– suntsituko duelako azpiegiturak.