Supersur Handitzeari Ez plataformak deitutako manifestazioak ehundaka pertsona bildu ditu larunbatean Bilbon. Oraindik garaiz delakoan, obrak gelditzeko eskatu dute.
“Bolintxu Bizirik. Surpersur handitzeari ez!” lelodun pankarta buruan, Arriagatik abiatu zen larunbatean manifestazioa, hainbat manifestarik Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren maskarak soinean zituztela. Supersur saihesbidea handitzeko proiektua gelditzea oraindik posible delakoan, obrak bertan behera uztea eskatu dute manifestariek.
Proiektua abiatu zenetik hamabost hektarea suntsitu dituzte Seberetxe inguruan, Interes Komunitarioko hainbat habitat barne, plataformak jakinarazi duenez. “Bide hori jarraituz gero, Bolintxuko haraneraino iritsiko dira, hau da, Pagasarriko mendiguneko harribitxira”, adierazi dute. Ohartarazi dutenez, obrek bere horretan jarraituz gero tarte laburrean prozesua atzeraezina bilakatu daiteke.
Horrez gain, plataformak azpimarratu du proiektuak 2017tik iraungita duela Ingurumen Eraginaren Adierazpena, nahiz eta Aldundiak "bidegabeko egoera hau ezkutatu nahi izan" duen. Egoera horren aurrean plataformak helegitea jarri zuen auzitegietan, eta hargatik, epai bat egon artean obrak kautela-neurri gisa gelditzea eskatu dute.