argia.eus
INPRIMATU
Supersur, Mundakako kolektorea... Hauek dira eraikuntza enpresek Euskal Herrian iruzur egindako obrak
  • Espainiako Estatuko Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egindako txostenean, enpresa eraikitzaile nagusiek iruzur egindako obren adibide ugari azaltzen da, tartean dira Euskal Herrian azken urteetan administrazio publikoek esleitutako azpiegitura esanguratsu batzuk.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko uztailaren 08a
Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen tuneletako obrak ere iruzur eginez eskuratu zituzten eraikuntza enpresek (argazkia: Geotunelek webgunetik hartua)

Acciona, Dragados, FCC, Ferrovial, OHL eta Sacyr konpainiak –Espainiako Estatuan eraikuntzaren arloan nagusi direnak– 203 milioi euroko isuna ordaintzera zigortu ditu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN), 25 urtez milaka lizitazio aldatzeagatik. Astero biltzen ziren elkarren artean informazioa pasa eta zein obratako eskaintza tekniko konpartitu behar zituzten erabakitzeko, lehiarako araudiaren guztiz kontrakoa dena.

MBLNk urteak daramatza auzia ikertzen, eta bere ebazpenaren txosten osoa argitaratu du. Isuna ezartzeko, kontuan eduki du denbora tarte horretan lizitazio publikoei loturik enpresa horiek izandako negozio bolumena. Zifra oso altuak dira, ACSk bakarrik –Dragados enpresaren bidez– 40.000 milioi euro mugitu zituen esparru horretan. Bestalde, elkarren artean lanak konpartitu dituzte lizitazioen aurrekontua 52.000 milioi eurokoa izan liteke, FCCk emandako datuen arabera.

Enpresek, urte horietan guztietan egiten zituzten bileren datuekin Excel orrialde bat osatzen zuten eta hitzartutako lanak zein ziren zehazten zuten bertan. Milaka dira: Accionaren arabera 2008-2016 epean bakarrik 3.250 lan partekatu zituzten enpresok.

Enpresek Excell orrialdetan gordetzen zituzten bilera guztietan hitzartutakoaren datuak. Goian, Sacyrren dokumentazioan aurkituriko artxiboaren pantaila-irudia

Zer egin dute Euskal Herrian?

Txostenean adibide batzuk baino ez dira eskaitzen, eta tartean Euskal Herrian esanguratsuak izan diren obrak ere badaude. Esaterako, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean, Supersur bezala ezaguna dena, Trapagaran eta Larraskitu tartean zeuden tunelak egiteko lanen lizitaziorako informazioa partekatu zuten.

Supersur-eko obrak Interbiak sozietateak lizitatu zituek, Bizkaiko Foru Aldundiak sorturiko sozietate publikoa, eta jokabide irregular horrekin Acciona, Sacyr, FCC eta Ferrovial eraikuntzako multinazionalek 425 milioi euroko aurrekontua zuten obrak eskuratu zituzten 2007an.

Adibide gehiago badaude: Hernaniko Hegoaldeko Saihesbidea bitan banatzeko lanak 2010ean (29 milioi euro); Leioan EHU parean saihesbidea egiteko lanak 2011n (9,1 milioi euro); URA agentziak lizitaturik, Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiko obrak 2015ean (16 milioi); Bilbo-Donostia trenbidean, Ermuako zatiko konponketak ETSk aginduta 2012an (25 milioi euro)...

Horiek 2008 eta 2017 urte arteko adibideak baino ez dira, baina iruzur egiten zuen eraikuntza enpresen taldea, MLBNk G7 bezala izendatu duena, 1992an sortu zela kontuan edukita, askoz gehiago izan daitezke kaltea eragindako obrak.