‘Ampliación Supersur Ez!’ plataformak egin du deialdia, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna baliatuz Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen handitzearen aurka protesta egiteko.
Ekainaren 5ean, arratsaldeko 19:30ean, Bizkai Foru Aldundiaren egoitza aurrean batzera dei egin du plataformak. Ekintzaren xedea giza-kate bat sortzea da, adierazteko “ez dagoela bide azpiegituren gabeziarik, baizik eta mugikortasunaren nahiz lurralde eta hirigintza planifikazioaren kudeaketa arazo larri bat”.
Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen 1-b fasearen aurka egoteko hainbat arrazoi dituztela adierazi du plataformak, Bolintxuko babes bereziko eremuan eragingo duen kaltea edo kilometro bakoitzaren kostu altua, besteak beste.
Arnotegi mendiaren azpitik tunela eta Bolintxu ibaiaren gainetik zubibidea egitea aurreikusten du Supersur-a handitzeko proiektuak. 4,2 kilometro luze izango dituen errepide zatia egiteko 200 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du Bizkaiko Aldundiak, kilometroko 47,6 milioi euro. Autobidearen luzapenak bi minutu eskas aurreztea besterik ez duela ekarriko azpimarratu du plataformak, eta aurreikusitako trafikoaren %50a besterik hartzen ez duen autobidea dela salatu.