argia.eus
INPRIMATU
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko
  • Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko ekoizle eta saltzaile txikien artean. Kanpainak jada badauzka jarraitzaileak Suitzaz gain Belgikan, Suedian, Frantzian eta beste zenbait herrialdetan.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 13a
Suitzako Neuchâtelen sorturik, Europan zehar zabalduz doa Supermerkaturik gabeko Otsaila ekimena.

Surper eta hipermerkatu handiei boikot egitea ez da gaur goizean asmatua, kontsumismoaren kontrako borroka aspaldikoa den bezala, nahiz eta minoritarioa. Gauza da 2017an Suitzako Neuchâtel hirian En Vert et Contre Tout talde ekologista berriak erabaki zuela Supermerkaturik gabeko Otsaila antolatzea, Facebook bidez kontaktatutako herritar boluntarioak mobilizatuz. 800 herritarrek hartu zuten parte duela sei urteko ekintza hartan. Hurrengo urtean, 2018an, 20.000 pertsona zeuden hitz emanak Suitzaz gain Frantzian ere zabaldua zen kanpainan parte hartzeko.

Zazpi urte beranduago, 2023an, helburu bera dauka Février sans Supermarché ekimenak, antolatzaileek azaltzen dutenez: “Komertzio independenteak sustatu nahi ditugu, hurbileko epizeriak berriro ezagutarazi, ekoizle txikiak sustatu, handizka edo graneleko erosketak bultzatu, jendea denda txiki eta azoketara eraman berriro, beharrezkoa ez duguna ez erosten ikasi… Helburua da otsailean saiatzea kontsumitzeko ohiturak aldatzen eta horiek urte osora zabaltzea. (…) Erronka hau baliatu nahi dugu, era berean, saltoki handiei jakinarazteko ez gaudela ados beren produktuen gehiegizko enpaketatzearekin, elikagaiek daramatzaten alimalezko kilometroekin, pertsonen zukutzearekin eta beren prezioekin ekoizle txikiak bezala hurbileko merkataritza zanpatzearekin”.

Aurreko edizioetan, Covidaren garaiekoetan, oso kontutan eduki duten bezala pandemiaren kontrako politika publikoek lehenaz gain gehiago indartu dituztela saltzaile erraldoiak eta are gehiago estutu ekoizle eta saltzaile txikiak, aurtengo edizioan Supermerkaturik gabeko Otsailaren antolatzaileek aipamen berezia egin diote energiaren garestitzeak eragin baserritarrei, azokei eta komertzio txiki independenteei eragin dien kolpe zakarrari. Azken hilabeteotan are nabarmenago geratu baitira agerian agro-industriaren kontraesanak eta populazioaren zati handi baten pobretze azkarra, gero eta ugariagoak baitira elikagaiak eskuratzeko laguntzetara jo behar dutenak.

"Azalera handiko saltokietan enplegu bat sortzeko, bestelako saltokietan 3 edo 5 lanpostu hiltzen dira", dio kanpaina antolatu duen En Vert et Contre Tout elkarteak.

“Antolatzaileak –diote Vert et Contre Tout taldedik– zalantzan egon dira ekimena aldatu ala ez eta azkenean erabaki dute aurrera jarraitzea. Erronka ez baita soilik ‘hobeto kontsumitzeko’ konpromiso indubiduala, aitzitik, jendeei aukera ematen die elkartu, elkarri lagundu eta elkarrekin antolatzeko beren balioei hobeto lotzen zaien elikatze sistema bat. Zeren eta herritar indibidualak ez baitira txirotze izugarriaren kalteak nozitzen dituzten bakarrak: komertzio txikiek ere kalte gogorrak sufritzen dituzte, eta horietako batzuek itxi behar izan dute. Granelean saltzen duten epizerietako dendariek laguntza eskari larria zabaldu dute Covidagatik ezarritako konfinamenduek beren bezeroak desagerrarazi dituztelako, eta okin askok beren okindegiak zerratu behar izan dituzte energiaren garestitzeak itota. (…) Horregatik sinesten dugu are garrantzia handiagoa daukala Supermerkaturik gabeko Otsailak: gure laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dute komertzio independenteek, ostatuek eta etxalde txikiek”.

Kanpainaren antolatzaile suitzarrek deklaratzen dute ez dutela inolako diru-laguntzarik jasotzen eta taldea boluntarioz baizik ez dela osatzen. Bestalde, ohartzen dira hilabete oso bat supermerkatuetara jo gabe bizitzea ez dela pario erraza, batik bat jada lekuko ekoizle eta komertzio guztia desagertua den eremuetan, baina distopiarako bidean hain urrutira iritsitako lekuetan ere beti dado ahalegintzea hipermerkatuen eta agroindustriaren atzaparretatik ihes egiteko urrats txikietan, izan inguruan barazki edo okelaz osatutako saskiak eskaintzen dituen baserritarrarekin harremanetan sartzea edo lantokiko kafe makinari muzin eginda auzoko edo poligonoko ostatura joatea aspaldiko partez.

Lotura honetatik aurki daitezke Supermerkaturik gabeko Otsailean parte hartzen duten talde guztiak.