argia.eus
INPRIMATU
Supermerkatuetako kutxazainek salatu dute Eusko Jaurlaritzak txertaketa kanpainatik atera dituztela
  • Langileek joan den astean jakin zuten Eusko Jaurlaritzak txertaketa protokolo espezifikotik kanpo utzi dituztela, eta erabaki hori salatzeko Gipuzkoako supermerkatuetako kutxazainek protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Delegaritzan. Protokolo espezifikotik adin tarte bakoitzaren txertaketa globalean sartu dituzte langileak.

Irutxuloko Hitza @irutxulo IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2021eko apirilaren 09a
Supermerkatuetako kutxazainek protesta egin dute delegaritzan. Argazkia: ELA Donostia

Kutxazainek adierazi dute “funtsezko lana” betetzen dutela, eta egunero jende asko pasatzen dela haien ondotik. Hau dela eta, arrisku maila altuko lan bezala hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta txertaketa kanpainaren seigarren fasean sartu zituzten hasiera batean, baina hortik kanpo utzi dituzte azkenean.

Bestalde, ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela publiko egin erabaki hau, eta gehitu du langileek eta sindikatuek eman behar izan dutela horren berri. Pandemiako jarrera batzuk erabaki honekin kontraesankorrak direla ere esan dute: “Funtsezko sektoreei emandako babesa ez da erakusten balkoietan, ezta prentsaurrekoetan ere. Egunerokotasunean frogatzen da, kolektibo horiek lan baldintza duinak dituztela bermatuz, lan-osasuna eta segurtasuna zainduz eta langileek merezi duten errespetuarekin tratatuz”.