COVID-19ak sortutako krisialdia baliatuz, supermerkatuek produktuen prezioak igo, elikagai freskoak kendu eta etiketetan Europar Batasunekoak ez diren produktuak bertakoak balira bezala saltzen dituztela salatu du Europako zenbait nekazari elkartek bultzatutako txosten batek. Aldaketa horiek, ordea, ez dituzte nekazariek ikusi, eta beren produktuengatik lehengo diru kopuru bera jasotzen jarraitzen dute, sarritan gastuak ordaintzeko ere ematen ez dien arren.
Europako nekazarien sindikatuek esku hartzea exijitu diote Europako Batzordeari. Izan ere, Espainiako Estatuko kontsumitzaileen %82,8ak prezioen igoera igarri badute ere, nekazariei ez diete beren produktuengatik gehiago ordaindu. Horrez gain, saltoki handiak kontsumitzaileei iruzur egiten ari direla esan dute, beste herrialdeetatik ekarritako produktuei Europar Batasuneko etiketak jartzen dizkietelako.
Produktu fresko asko apaletatik kendu dituztela ere adierazi dute; hau da, nekazariek ekoizten dituzten produktuak. Ekoizleak kontuan hartzen ez dituztelako kexu dira, aipatutako neurriak nekazariekin hitz egin gabe hartu baitituzte.
Espainiako Estatuko elikadura sektorea sei talde handitan dago banatuta: Mercadona, Carrefour, Dia, Eroski, Lidl eta Auchanen artean estatu osoko salmenten %54,4 eskuratu dute. Konfinamendu garaietan are handiagoa da ehunekoa, herrietako merkatu txikiak itxi edo beren jarduna murriztu dutelako.
Hori horrela, Unión de Uniones, Espainiako Estatuko nekazari eta abeltzainen batasunak komertzializaziorako bide berriak ezartzea eskatu die administrazioei, baita azokak berriz martxan jartzea ere.