argia.eus
INPRIMATU
Superbakterioei aurre egin ahal izateko, kutsadura murriztu beharra dago
  • Nazio Batuen Ingurumen Programak (UNEP, ingelesezko sigletan) berrikitan plazaratutako txosten batek dioenez, superbakterioen agertze, kutsatze eta hedatzeari hesia jarri ahal izateko derrigorrezkoa da murriztea farma-industriak, laborantza industrialak eta osasungintzak sortzen duten kutsadura orokortua. Superbakterio edo Erresistentzia Anitzeko Bakterioak dira ezagutzen ditugun antibiotiko guztiekiko erresistentzia garatu dutenak, hau da, eragiten dutenak edozein tratamenduri aurre egiten dioten gero eta bakterio, birus eta parasito gehiago egotea munduan.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 27a
Munduko Osasun Erakundearen kalkuluetan, 2019an 1,27 milioi pertsona hil ziren botikei aurre egiteko gai diren infekzioen eraginez eta kopuru hori 2050erako hamar milioi gehiagotan handiko da, hau da, 2020an minbiziz hil zirenak adina.

Antibiotiko guztiekiko erresistentzia duten bakterioak mundu osoan zabaldu izanak esan nahi du gauzek horrela jarraitzekotan beren sendatze-ahalmena galdu lezaketela mikrobioen kontrako tratamendu askok, baita infekzio arinak sendatzeko erabiltzen direnek ere. Munduko Osasun Erakundeak (WHO, ingelesezko sigletan) arrisku hau sartuta dauka gizadiarentzako hamar osasun-mehatxu nagusien zerrendan.

Nazio Batuen Ingurumen Programaren (UNEP, ingelesezko sigletan) barruan Erresistentzia Handiko Bakterioen jarraipena egiten duen lan-taldeak berrikitan Barbados uhartean egindako bileran aurkeztu du alerta eragin duen azterlana: “Superbakterioen aurrean prestatzen: ingurumenean esku hartzea sendotu mikrobioen erresistentziari erantzun nahi dion ‘Osasun Bakar Bat’ planaren barruan”.

Munduko Osasun Erakundearen kalkuluetan, 2019an 1,27 milioi pertsona hil ziren botikei aurre egiteko gai diren infekzioen eraginez eta kopuru hori 2050erako hamar milioi gehiagotan handiko da, hau da, 2020an minbiziz hil zirenak adina.

"Mikrobioen botiken kontrako erresistentziak zerikusi estua dauka klima aldaketak, biodibertsitatearen galerak eta kutsadurak eragindako planetaren krisi hirukoitzarekin; eta horretara eraman gaituzte gizakiaren jarduerak, gehiegizko kontsumoak eta produkzio ereduak".

UNEP Nazio Batuen Ingurumen Programaren zuzendari exekutiboa den Inger Andersenek azaldu du: “Airearen, lurzoruaren eta erreken kutsadurak erasotzen dute gizakiek ingurumen garbi eta sanoa edukitzeko duten eskubidea. Orain erakutsi dugunez, ingurumena hondatzen duten faktore horiek berek larriagotzen dute botikekiko erresistentzia daukaten mikrobioen arazoa ere. Mikrobioen botikekiko erresistentziak suntsitu litzazkete gure osasuna eta elikadura sistemak. Kutsadura murriztea nahitaezkoak dira mende honetan ‘zero gose’ eta osasunaren hobetzerantz aurrera egitekotan”.

UNEPen dossierrak agerian utzi du zein kutsadura-iturri diren lehentasunez konpondu beharrekoak: ur zikinen sareamenduak eta zaborren tratamenduak. Horretarako, marko juridiko sendoak ezarri behar dira herrialde bakoitzak bere planetan ingurumenaren zaintzea hobetzeko, bereziki zainduta kutsadura kimikoa eta hondakinen kudeaketa.

Beharrezkoa da ere agintarientzako erabakitzeko gidatzat ezartzea ingurumenean bildutako laginetan zein izan behar duten superbakterioen bilakaeraz ohartarazten duten adierazgarri mikrobiologikoak. Era berean, inbertsio planak egokitu beharko dituzte botikekiko erresistentzia duten mikrobioen kontrako borrokak behar adinako baliabide eduki dezan.

UNEPen arabera, jabetu beharra dago pertsonen, animalien eta landareen osasuna eta ingurumena elkarri estu lotuta eta elkarren mende daudela. Ingurumena zaintzeko ekintza koordinatua da bide bakarra bere jatorrian konpontzen hasteko planeta mailako krisi hirukoitza, hau da, tenperaturen igoera, klimaren muturretarako joera eta lurzoruen erabileraren aldaketa, eraldatzen dituztenak mikrobioen aniztasuna eta kutsadura, bai biologikoa eta bai kimikoa.

Barbadoseko lehen ministro Mia Amor Mottleyk ‘Osasun Bakar Bat’ planaren aurkezpenean esan du: “Garai hauetako ingurumen krisia bada, era berean, giza eskubideen eta geopolitika mailako krisi ere. Orain UNEPek botikekiko erresistentzia duten mikrobioez plazaratzen duen txosten honek salatzen du mundu mailako berdintasunik eza ere, superbakterioen krisiak gehiegizko neurrian kaltetzen baititu Hego aldeko heriraldeak. Krisi honen norabidea atzekoz aurre jartzeko lan egin behar dugu denok elkartuta, gizadia sentsibilizatu eta arazoa munduko herrialdeen nazioarteko agendaren erdian kokatuta”.