argia.eus
INPRIMATU
Munduko 10 aberatsenek pandemia hasi zenetik irabazi dutenarekin COVID-19aren aurkako txerto unibertsala finantza liteke
  • COVID-19 pandemiak super aberatsen fortuna biderkatu egin du, milioika pertsona pobreziara jaurti dituen bitartean. Horixe da Forbes eta Credit Suisse-k ematen dituen datuekin Oxfamek urtero atera ohi duen txostenaren aurtengo ideia nagusietako bat. Bertan jasotako datu nagusiei erreparatuko diegu aurten ere.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 27a
Munduko hamar pertsona aberatsenak.

Lotura honetan deskarga daiteke Berdintasunik ezaren birusa izenburua jarri dioten txostena hizkuntza ugaritan. Jarraian zenbait datu bertatik:

Bederatzi hilabetetan munduko mila fortunarik handienek pandemia aurreko beren aberastasuna errekuperatu dute, pobrezia egoera handienean daudenek hamarkada bat baino gehiago beharko dutela kalkulatzen den bitartean.

Munduko hamar pertsonarik aberatsenek pandemia hasi denetik irabazi duten dirua nahikoa litzateke mundu osoan inor ez erortzeko pobrezian COVID-19aren erruz eta denentzako txerto unibertsala finantzatzeko.

Pandemiak gehien eragin duen sektore ekonomikoetan emakume eta gizonen arteko presentzia ekitatiboa balitz, 112 milioi emakume beren diru sarrerak eta lanpostua galtzeko arriskutik aterako lirateke.

AEBetan herritar latino eta beltzen hilkortasun tasa herritar zurienaren pare balego, iaz hil diren 22.000 pertsona beltz edo latino leudeke bizirik 2020ko abenduan.

2020ko irailean, Amazonen jabea den Jeff Bezosek bere 876.000 langile bakoitzari 105.000 dolarreko bonifikazioa ordain ziezakeen eta oraindik jarraitu pandemia aurretik zen bezain aberatsa izaten.

Aberastasun banaketan arrakala geroz eta handiagoa zen mundu batean zabaldu da COVID-19aren krisia.

Pandemiak mahai gainean jarri du munduko herritar gehienentzat diru sarrera bat galtze hutsa miserian erotzeko arrazoia dela.

Munduko gobernuak hasiko balira berdintasun eza gutxitzeko neurriak hartzen, 2030ean 860 milioi pertsona gutxiago leudeke pobrezian, berdintasun ezak hazten jarraituko lukeen agertoki batekin konparatuta.

2020an 180 herrialdetan beren hezkuntza zentroak itxi zituzten aldi batez, eta unerik txarrenean, 1.700 milioi ikasle eskolara ezin joan geratu ziren.