argia.eus
INPRIMATU
Suntsitutakoa berriz bonbardatzen ari da Israel, norabide argirik gabe
  • Hamarnaka mila pertsonak ihes egin behar izan dute Khan Younis eta Gaza hirietatik azken egunetan, nora joan izan gabe. Israelgo armadaren eta Netanyahuren arteko talkak azaleratuz doaz, eta Hezbollahren aurkako gerra geroz eta gertuago dago. Su-eten proposamena mahai gainean da, baina ez da aukera handirik ikusten gatazka modu iraunkorrean gelditzeko.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 05a
Khan Younisetik milaka lagunek egin behar izan dute ihes. Argazkia: EPA

Jada suntsituta dauden hiriak bonbardatzen jarraitzen du Israelgo armadak, baina bere helburu estrategikoetan ez du aurrerapauso nabarmenik egin azken hilabeteetan, Gazan bizirauteko aukerak suntsitzeaz harago. Armadaren eta Netanyahuren arteko desadostasunak azaleratu dira azken asteetan, armadaren nekeaz ohartarazi dute agintariek eta ezarritako helburuak betetzea ezinezkoa dela ere salatu du agintari ugarik. Kanpoko zein barne mailako presioak jasaten ari da lehen ministroa, Netanyahuren noraeza salatu dute hainbat eragilek, baita goi mailako agintari sionistek ere. Bitartean, Libanoko Hezbollahrekin tentsioak goraka jarraitzen du, eraso geroz eta bortitzagoekin, eta eskualde mailako gerra pizteko arriskua areagotzen ari da, hainbat iturriren esanetan.

Hamarnaka mila palestinarrek ihes egin behar izan dute berriro Gazako zenbat hiritatik. Hegoaldeko Khan Younis hirian bonbardaketa gogorrak egin ditu armada sionistak, ehunka pertsona hil dituzte, eta ia 100.000 lekualdatzera behartu. Israelek berak “babesleku humanitario” izendatutako NBEren eskola bat suntsitu berri dute sionistek Khan Younisen, eta bertan babes hartutako dozenaka palestinar hil. Gaza erdialdeko Gaza hirian ere bonbardaketa gogorrak egin eta lurreko inbasioa sakondu dute, han ere hainbat pertsona hilez. Gazako biztanleriaren %90a lekualdatzera behartu du Israelen genozidioak, baina ez daukate nora joan. NBEk askotan ohartarazi dute “ez dagoela leku segururik Gazan”.

Amaiera urrun

38.000 hildakoen langa pasa berri, amaierarik ez da gertu ikusten. Ostegun honetan esan du Israelgo Gobernuak aztertuko dituela azken su-eten proposamenari Hamasek egindako aldaketak, baina adostasunerako aukera gutxi ikusten da, Netanyahu hainbatetan agertu baita su-eten iraunkor baten aurka eta Hamas guztiz suntsitzeko asmoa berresten. Hamasek, bere aldetik, ez du onartuko erasoaldien amaiera ekarriko ez duen akordiorik.

Armada eta lehen ministroaren arteko aldea handituz joan da azken asteetan. Israelgo armadaren bozeramaileak esana du “Hamas suntsitu eta desagerraraztea ezinezkoa” dela, eta Netanyahuri leporatu izan dio ilusio faltsuak sortzen aritzea. Hamas eta palestinar erresistentziaren bestelako indarrak berriz hasi dira borrokan hainbat hiritan, armada sionistak esan ondoren zonalde horiek “garbituta” zeudela. Horrek ere erakusten du armadak erresistentzia suntsitzeko duen ezintasuna, eta genozidioa are gehiago luzatzeko aukera zabaltzen du.

Palestinarren gehiengoak, bi herenek, urriaren 7ko ekintzak babesten jarraitzen du, Palestinako Ikerketa Erakundeak egindako inkesta baten arabera. Gaza eta Zisjordaniako palestinarren artean egindako galdeketek erakusten dute %80ak uste duela erresistentzia palestinarraren ekintzak mundu mailako arreta erakarri duela Palestinara.

Ultraeskuindar ultraortodoxoak Netanyahuren gobernuan pisu nabarmena izaten ari dira. Itamar Ben Gvir eta Bezalel Smotrich dira haien aurpegi ezagunenak. Bi ministro horiek palestinar guztien heriotza edo kanporatzea eskatzen ari dira. Aurrerapausoak egin dituzte, Netanyahuren babesarekin, azken 30 urteetako lapurreta handiena onartu berri baitute Zisjordaniako lurretan.

Israelek hil duen Hezbollahko komandante Mohammad Naameh Nasserren hileta. Argazkia: Getty Images

Armadaren nekea eta gerra Libanon

Israelgo armadak, genozidioaren bederatzigarren hilabetea betetzear, neke zantzuak erakutsi ditu. Erreserbistak deitzen ari dira etengabe, eta askok uko egin diote itzultzeari eta batzuek adierazpen publikoak egin dituzte. Gazara itzuli ordez bere buruaz beste egin duten soldadu sionisten kopurua ere nabarmen igotzen ari da, Israelgo iturrien arabera. Egoera horren aurrean hainbat neurri hartu ditu gobernuak. Israelgo Auzitegi Gorenaren aginduz, orain arte salbuetsita zeuden judu ultraortodoxoek armadara batu beharko dute. Istilu ugari sortu ditu erabakiak. Bestalde, Israelgo Defentsa ministroak 10.000 soldadu gehiago errekrutatzeko eskatu du, Hezbollahrekin gerra posible bat gerturatzen doan bitartean.

Israelek eta Hezbollahk hamaika eraso egin dizkiote elkarri azken hilabeteetan. Palestinarrekin elkartasunez, Libanotik presio egiteko erabakia hartu zuen milizia txiitak, eta tentsioak gora egin du azken hilabeteetan. Agintari militar ugarik aitortu dute ez dutela gaitasunik beste gerra fronte bat zabaltzeko, Gaza bonbardatzen eta Zisjordania ere gogor jotzen ari diren honetan. Hala ere, Hezbollahk gerrarako prestutasuna adierazi du hainbatetan, eta Israel “harritzerainoko” gaitasun militarra erakutsi du.

Azken egunetan ehunka suziri jaurti dituzte Libanotik Israel iparraldera, erantzun gisa aurretik sionistek hil zuten Hezbollahko komandante  Mohammad Naameh Nasserren harira. Israeldarrek ere hainbat eraso egin dituzte Libano hegoaldean, eta eskualde mailako gerra baten arriskua areagotuz doa egunez egun. Hainbat iturrik, haien artean AEBetako Gobernuak, kezka adierazi dute ea Israelgo Burdinezko Domoa, sionisten defentsa sistema, kapaza izango ote den Hezbollahren erasoak jasateko. Hezbollahk droneen bidez Israelgo hirietan grabatutako irudiak erakutsi ditu, sionisten defentsak gainditzeko gai dela frogatuta.