argia.eus
INPRIMATU
Sunsundeguiko langileak kalera aterako dira, enpresari “konponbidea orain” exijitzeko
  • Altsasun autobusak egiten dituen enpresako administrazio kontseiluak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du asteazkenean. Langileen ordezkariek eskatu dute "benetako plan industrial" bat martxan jartzeko eta manifestaziora deitu dute, igandean Altsasun.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 07a
Sunsunseguiko langileen elkarretaratze bat. UGT Nafarroa

Sunsundegui autobus enpresak gero eta panorama beltzagoa du. Irailean aurkeztu zuen hartzekodunen aurrekonkurtsoa, zor milioidunari ezin aurre eginik, eta denbora honetan inbertitzaile bila ibili den arren –Diario de Noticias-en arabera hamar enpresarekin hitz egin du, baita inbertsio funtsekin ere–, epea ez agortzea erabaki eta hartzekodunen konkurtsoa deklaratu du asteazken honetan.

Epaile instruktore baten menpe utzi du beraz bere etorkizuna eta ia 400 langileren patua. Nolanahi ere enpresak adierazi du inbertitzaile bila jarraituko duela. Sodena sozietatearen bidez enpresaren partaide den Nafarroako Gobernuak ere esan du "azken momentura arte" ariko dela bazkide "estrategiko" baten bila.

Langileak ez dira batere fio ordea. Izan ere, duela hilabete gutxi arte 800 lanposturentzako lan aurreikuspena zuen enpresak

Langileak ez dira batere fio ordea. Izan ere, duela hilabete gutxi arte 800 lanposturentzako lan aurreikuspena zuen enpresak, Volvorekin gama altuko autobusak egiteko sinaturiko kontratu baten ondorioz, baina uztailean bertan behera geratu zen kontratu hori, eta geroztik albiste txarrak baino ez dituzte jaso. Momentu honetan enplegu-erregulazio espediente egoeran daude.

Hala, "benetako plan industrial bat izango duen irtenbidea bilatzeko alde guztien konpromisoa" eskatu enpresa batzordeak, eta manifestazioa antolatu du igande honetan Altsasun, Sunsundeguik etorkizuna du, konponbidea orain lelopean. Langileek azpimarratu dute Sunsundeguik badituela "aukerak" aurrera ateratzeko, eta estrategikoa dela, Altsasuko herriarentzat soilik ez baizik eta "Nafarroa osoarentzat".

Egoera "delikatua"

Irailean, KPMG aholkularitzaren txosten baten berri eman zuen Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak. Bertan esaten da enpresaren zor finantzarioa 48,8 milioi eurokoa dela eta "plantilla murriztea" proposatzen da zuloari aurre egiteko.

Enpresak krisi sakona bizi du. Azken urteetan mailegu publiko milioidunak jaso arren, zuzendaritza ez da gai izan egoerari buelta emateko. Irujok berak, Legebiltzarrean emandako azalpenetan aitortu zuen Sunsundegui "egoera delikatuan" dagoela.