argia.eus
INPRIMATU
Sunsundegui egoera “oso delikatuan” dagoela onartu du Mikel Irujo kontseilariak
  • Altsasuko karrozeria enpresak hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu du eta aholkularitza baten txostenaren arabera, "pertsonala soberan dago". Uztailaren hasieran Volvorekin hitzartuta zuen kontratu bat bertan behera geratu zen eta enpresak finantziazio behar larriak ditu. Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak azalpenak eman ditu parlamentuan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko irailaren 18a
Altsasun dago autobusentzako karrozeriak egiten dituen Sunsundegui enpresa eta eskualdeko handienetako bat da. Argazkia: Sunsundegui

Sunsundegui enpresa ez dago bere onenean azken urteetan, baina orain oso agerian geratu da egoera larri hori eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko industria kontseilariak berak onartu du: "Sunsundegui oso egoera delikatuan dago", esan du Nafarroako Parlamentuan, UPN eta PPren galderei erantzunda.

Hori baieztatzeko KPMG aholkularitzaren txosten batean oinarritu da kontseilaria, Diario de Noticias-ek dioenez. Horren arabera, "enpresa errentagarriagoa egiteko plantilla murriztu behar da". Gaur egun 300 langile baino gehiago ari dira bertan eta Sakanako enpresa handienetako bat da.

Txostenak dio Sunsundeguik 48,8 milioi euroko zor finantzarioa duela eta enpresak duen zuloa "handia" dela; irailean bertan likideziarik gabe geratu daiteke.

Enpresak hartzekodunekin negoziazioak zabaldu ditu eta Irujoren esanetan funtsezkoa izango da irailaren 30erako finantza erakundeekin eta Volvorekin akordiora iristea zorra birfinantzatzeko.

Volvok zer dio?

Volvo da Sunsundeguiren bezero nagusia eta gama altuko autobusak eraikitzeko proiektu bat bertan behera utzi zuten pasa den uztail hasieran. Hori kolpe gogorra izan da Altsasuko enpresarentzat eta langileentzat. Hala ere, Irujoren esanetan Volvok "ez du kontraturik desegin, ez dago autobus gutxiago. Volvok egiten duena da kontratua aldatu, autobus modelo horiek uzteko".

Irujo: "Volvok ez du kontraturik desegin, ez dago autobus gutxiago. Volvok egiten duena da kontratua aldatu, autobus modelo horiek uzteko"

Hala, bere esanetan, Volvoren "negozio planak jarraitzen du" eta datu bat ere eman du: 2025 urterako duen karterarekin 80 milioi euro fakturatu ditzake: "Horrek, berez, enpresak gaur egun duen produkzio gaitasuna gainditzen du".

Konfiantza tartea

Sunsundeguiri buruzko albisteak etengabeak izan dira azken hilabeteetan. Besteak beste, Ignacio Murillo zuzendaria eta administrazio kontseilua egun batetik bestera aldatu zituzten, eta Sodenak –gaur egun enpresaren zati bat Nafarroako Gobernuaren sozietate horrek dauka– 6 milioi euroko partida bat bideratu zuen egoera finantzario hobetzeko, Nafarroako Parlamentuak onartuta. Administrazio kontseilu berriaren asmoa da produkzioa egunean autobus batetik bi autobusera pasatzea.

Volvok bere modelo berriak ez zituela Altsasun egingo iragartzean, CCOO sindikatuko langileen delegatuek eskatu zuten enpresari emandako diru publikoarekin zer gertatu den ikertzeko. Baina enpresa komitean gehiengoa duten UGT, LAB eta ELAk adierazi zuten zuzendaritza berriari konfiantza tarte bat eman behar zaiola.

Tarte hori, orain, KPMGren txostena eskuan eta hartzekodunekin akordiora iristeko epe-muga bertan dela, murriztuz doa pixkanaka.