Atxondoko eta Zaldibarko eskolek eta Iurretako Juan de Orobiogoitia institutuak sukaldea izango dute udatik aurrera, eta Durangoko Zabalarra eskolan 2022ko udan hasiko dira eraikitzen, Gure Platera, Gure Aukera taldeak jakinarazi duenez.
Lau ikastetxeak proiektua idazten, kontratatzen eta gainbegiratzen ari dira eta oporraldia baliatuko dute obrak egiteko.
Pasa den urrian jakitera eman zutenez, Durangaldeko ikastetxe hauez gain sukaldearen aurre-proiektua ere esku artean dute Beasaingo Murumendi eskolan eta Lantziego ikastolan Haur Hezkuntzako eraikin berriak sukaldea egiteko espazio izango du. Bestalde, Bilboko Karmelo ikastolako sukaldearen obraren inguruan Hezkuntza Sailak hartuko duen erabakiaren zain dira.
Zazpi ikastetxe publiko hauek dira Eusko Jaurlaritzaren "2019-2023 Azpiegituren Plana" dokumentuan jasota zeuden obrak. "Poliki-poliki eta hainbat urtetako lanaren ondorioz, sukaldeak errekuperatzen ari gara ikastetxe publikoetan", diote eskola-jantoki osasuntsua eta bertako produktuekin osatuta eskatzen duen Gure Platera, Gure Aukera taldeak. Orain, beste ikastetxeei bidea irekitzea geratzen dela gaineratu dute.