argia.eus
INPRIMATU
Ziminttere
Sukaldea emakumeen jakintzak partekatzeko botere eta plazer espazio denean
  • Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko otsailaren 24a
Hauxe da ikastaroen afixa.

Ikastaro praktiko hau "jendartea elikaduratik iraultzeko tresna" izan daitekeela pentsatzen du Haizea Bengoetxea Ziminttere proiektuko kideak: "Lurretik eta elikaduraren ezagutzatik gero eta urrunago gaude eta gero eta dependenteago bihurtzen gara, eta elikadura burujabetzaren beharra nabari da. Egunerokotasunean sukaldatzen dugu eta elikatzen gara, momentu horri kontzientzia emanez gero, botere espazio bilakatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak elkartu, eta sukaldean egin bitartean elkarrekin dinamika eta gogoetak egiteko espazioak sortzea, modu kolektibo horretan ditugun errelatoek indarra hartzen baitute eta elikadura kate guztiaren inguruko hausnarketara baikaramatzate".

Non eta nola

Martxoa eta ekaina bitartean Bizkaiko hiru eskualdetan egingo dute ikastaroa: Arratian, Bilbon eta Uribe Kostan; eta ondoren, ikastaroan parte hartu duten emakume guztiak Fikan elkartuko dira, Olatxuko Laboreak proiektuaren etxean, elkarrekin hausnartu eta bazkaltzeko.

Ikastaro bakoitza hiruna orduko hiru tailerrez osatuko da. Lehen tailerrari “haziera” deitu diote, eta emakume bakoitzaren errelato, jakituria eta lurrarekiko loturari emango dio presentzia: “Elikadurarekiko dugun harremana jarriko dugu mahai gainean”, Bengoetxeak azaldu duenez. Bigarren tailerrari “beharretik plazerera” eman diote izena, eta helburutzat jarri diote “sukaldearen iruditegia iraultzea. Indargune moduan irudikatu nahi dugu, espazio boteretsu eta plazer-eragile moduan”. Elikaduraren ezagutzak eta kontrolak duten boterea landuko dute. Hirugarren tailerra “lokala globala da” izenekoa da, eta merkatuko interesetatik aterako dute elikadura: "Elikagaiak ekoizteko era, eredua, elikatzeko era, kontsumitzeko erari buelta eman eta elikadura burujabetzaren beharra azpimarratu nahi dugu".

Ikastaro bakoitza hamabi emakumez osatuko da, eta gizarteko aniztasuna presente egotea desio dute: "Landa eremuko emakumeak, hiritarrak, adin eta jatorri anitzekoak… denok elikatzen gara eta ariketa kolektibo horretan denon begirada da inportantea". Ikastaroan izena emateko ziminttere@gmail.com helbidera idatzi behar da edo +34 605743966 zenbakira deitu.

Ziminttere hitzak hazitegi esan nahi du, Uribe eskualdean.
Bi proiektu agroekologikoren elkarlana

Ziminttere proiektua bi ekoizpen agroekologikok elkarlanean sortu dute: Txaramela eta Olatxuko Laboreak. Txaramela bi emakumek osatzen dute eta pasta agroekologikoa ekoizten dute: errotak eta gari zaharrak berreskuratzeko ikuspegitik abiatuta hasi ziren pasta lantzen eta errotari zaharrekin egiten dute lan. Olatxuko Laboreak barazki kontserbak ekoizten ditu, dibertsifikazioan oinarrituta: badituzte soroa, fruitu arbolak, fruitu txikiak eta obradore txiki bat. Bi proiektuek antolatzen dituzte tailerrak, eta Ziminttere proiektuan elkartu egin dira formazioa elkarrekin emateko.

Emakume laborarien arteko sarea

Emakume laborarien funtzioaz galdetuta, Bengoetxeak gai hori laborantza ereduari oso lotua ikusten du: "Nekazaritzan gauden emakume gehienon eredua agroekologikoa eta dibertsifikatua da, horrek ematen digulako bizigarritasuna eta bizi ahal izateko aukera. Eredu agroekologikoetan emakumeen presentzia nabarmena da. Eskualdean ezagutzen ditudan emakume laborariok dugun beste ezaugarri bat da saretuta lan egiten dugula hein handi batean". Azaldu duenez, pandemian Uribe Butroeko sarea sortu zuten eskualdean, salmenta zuzeneko espazioak debekatu zituztenez, elikagaien merkaturatzea antolatzeko. Gaur egun jarraitzen dute sare horretan elkar zaintzen eta salmenta zuzena etxez etxe eskaintzen. Astero elkartzen dira eskariak antolatzeko. Horrez gain, Arratian IGITIE agroasanblada ere badute eta bertako kide da Txaramela.