argia.eus
INPRIMATU
Suizidioaz egoki informatzeak bizitzak salba ditzake
  • Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden helduleku lagungarriak jakinaraziz, besteak beste.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 12a
Abenduan, Suizidio Kodea martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak: Kode hau psikiatra eta psikologoek aktibatu dezakete, pertsonaren batek pentsamendu suizidak dituela antzemanez gero. Argazkia: Wirestock / Openverse

Suizidioaz hitz egiteak horretara bultza dezakeela, ideia hori barneratua genuen kazetari gehienok garai batean, baina mezua, gero eta gehiago, kontrakoa da, eta Osasunaren Informatzaileen Espainiako Elkartetik etorri da oraingoan oharra: gai honetan kazetariak formatzea eskatu dute, egoki informatzeak bizitzak salba ditzakeelako. Azken finean, suizidioaz hitz egin hitz egiten da, baina sarri modu desegokian.

Ildo berean, sarri beldur gara norbaiti suizidioari buruz galdetzeak eta gaiaz hitz egiteak horretara bultzatuko duelakoan, baina adituen esanetan, pentsamendu suizida duenarekin suizidioaz hitz egiteak horretara bultzatu baino, lasaitzen lagundu egin diezaioke. Ez du esan nahi pentsamendua desagerraraziko denik, baina pertsona horri hitz egiten uzteak eta entzuteak emozionalki baretu dezake. Ez da beldurrik izan behar gaia mahaigaineratu eta galdetzeko, galdetzea prebentzio lana egitea izan daitekeelako, sufrimenduaz hitz egiteari ateak ireki eta beste erreminta batzuk garatzeko.

Zer da suizidioaz ongi informatzea?

Ez da errealitatea sinplifikatu behar: suizidioa fenomeno konplexu eta multifaktoriala da; bere buruaz beste egiten duten pertsonek ez dute zertan buru nahsmendurik izan, eta ez da arreta deitzeko modu bat; sentsazionalismoa eta espektakulua saihestuz eta erabilitako hizkera zainduz, datuetan oinarritzea inportantea da.

Gaia jorratzerakoan, arrisku faktoreak eta alarma piztu beharko liguketen seinaleak zein diren adieraztea mesedegarria da.

Oro har, bere buruaz beste egitea ez da zerbait inpultsiboa (sarri pentsamendua egon hor dago aurrez, adierazi ez arren), eta horrek esan nahi du prebenitu daitekeela, are, laguntza profesionalarekin pentsamendu suizidak murriztu eta desagerrarazi daitezkeela. Mezu hori zabaltzea garrantzitsutzat jotzen da, aurrera atera den jendearen testigantzak jasotzea, eta jakina, pentsamendu suizida duten pertsonei laguntzeko eskura dauden tresna eta erreminta instituzional eta osasun arlokoen berri ematea.

Oro har, bere buruaz beste egitea ez da zerbait inpultsiboa (sarri pentsamendua egon hor dago aurrez, adierazi ez arren), eta horrek esan nahi du prebenitu daitekeela

Uste okerrak

Suizidioaren atzean egon ohi diren uste faltsuez aritu ginen ARGIAn: "Bere buruaz beste egiteko asmoa adierazten duen pertsonak benetan ez du burutuko", "arazo larriak dituztenak baino ez dira suizidatzen", "suizidioak herentziazko osagaiak ditu", "suizidio saiakerak dituen pertsonak arreta jaso besterik ez du nahi"… gisako adierazpenak aztertu zituzten Rodriguez eta Zulet psikologoek.

243 Suizidio Kode aktibatu ditu Nafarroak

Abenduan, Suizidio Kodea martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak: Kode hau psikiatra eta psikologoek aktibatu dezakete, pertsonaren batek pentsamendu suizidak dituela antzemanez gero, eta segimendua eta baliabide bereziak ahalbidetzen ditu, arloko hainbat profesionalen elkarlanaren bidez.

Abendutik hona, 243 Kode aktibatu dituzte eta horietatik 148 desaktibatzea lortu dute.

Urtarriletik uztailera, 36 lagunek egin dute bere buruaz beste Nafarroan. 2022an, 60 suizidio erregistratu zituzten.

Nafarroako Gobernuaren Suizidioaren webguneak 11.561 bisita izan ditu, 2021ean sortu zenetik. Nahi edota behar duen pertsonak, 024 zenbakira deitu dezake, Esperantzaren Telefonora (948 243 040), Larrialdietara (012) edota Besarkada elkartera (622 207 743).