argia.eus
INPRIMATU
Suizidioaren prebentzioan prestakuntza jaso dute Nafarroako hezkuntza ikuskariek
  • Suizidioaren inguruko mitoak, gazteen jokabide autolesiboak, arrisku faktoreak, alarma-seinaleak, esku hartzeko estrategiak… landu dituzte hezkuntza ikuskariek Nafarroan, suizidioaren prebentzioan trebatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko apirilaren 19a
Irudia: Pixabay

Bai detekzio eta prebentzioan, bai laguntzan eta zaintzan prestatzeko informazioa eta baliabideak eskuratu dituzte Hitz egin dezagun suizidioaz jardunaldietan parte hartu duten ikuskariek. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak antolatuta, Besarkada elkarteak gidatu du formakuntza.

“Ez zara bakarra”

“Norbait galtzen duzunean, esperientzia hori jasan duen bakarra zarela pentsatzera iristen zara, baina ez da hala. Hainbeste dira dituzun galderak, eta min handiena ematen duena zera da, erruduntasun sentimendua: eta goiz horretan lanera joan ez banintz, eta  ez banu…, eta ez banitu…?”. Besarkada elkarteak jasotzen dituen testigantzetako baten zatia da hori. Bere buruaz beste egin duen jendearen ingurukoei laguntza emateko sortu zen elkartea.

Elkarteko kide Elena Aisarekin batera, Paloma Tocón ikuskatzailearen eta Mikel Ripodas Iparralde DBH ikastetxeko zuzendariaren lekukotzak ere entzun zituzten ikuskariek, jardunaldietan.

Pautak

Suizidioa bigarren heriotza kausa da 10 eta 24 urteko adin tartean. Munduan 40 segunduro pertsona batek bere buruaz beste egiten du, eta suizidio bakoitzeko beste 20 saiakera daude, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Gai honetan ere, prebentzio planen garrantzia gero eta ageriagoa da. Suizidioaz ari garelarik, “pautak ematea, txarto nagoenean zer egin, nora jo...” funtsezkotzat jotzen du Leire Pinedo psikologoak, “indarkeria matxista jorratzean baliabideen berri ematen den gisan”.