Munduan 40 segunduero pertsona batek bere buruaz beste egiten du, eta suizidio bakoitzeko beste 20 saiakera daude, OMEren arabera. Arrisku faktoretzat dute umetan indarkeria edota sexu erasoak jasan izana, besteak beste. Prebentzio-planak egitea da gakoa, osasun publikoko arazoa baita.
Mundu osoari eragiten dio suizidioak, baina heriotzen %77 baliabide ekonomiko ertain edo baxuko herrialdeetan izan ziren 2019an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera. Kalkulatu dute urtean ia milioi bat pertsona hiltzen direla suizidatuta: 40 segunduero pertsona bat.
Elizabeth Suarez psikologoak eta jokamolde suiziden ikerlariak azken artikuluan azaltzen duenez, gazteen suizidioa gizarte- eta osasun-arazo larritzat hartu dute nazioartean, datuak kezkagarriak baitira. Bigarren heriotza kausa da 10 eta 24 urteko adin-tartean, eta laugarrena tartea 15-29 urtera igotzen bada. Gainera, gogorarazi du suizidio bakoitzaren atzean batez beste 20 saiakera daudela, eta ospitaleetara soilik “izozmendiaren punta” iristen dela.
Suarezek zenbait azterlan aipatzen du artikuluan, jokamolde suizidaren arrazoi batzuk zehazteko. Esaterako, haur edo nerabe direla indarkeria jasan dutenek arrisku bikoitza dute suizidatzen saiatzeko gazte edo heldu-gazte direnean. Indarkeria sexu-erasoei lotutakoa izan bada, arrisku hori ia lau aldiz handitzen da. Bestalde, eskola jazarpenak ere eragina du gazteen suizidioan. Halere, psikologoak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi pairatu duten guztiek jokamolde bera dutenik: jendartearen babesak zein senide eta gertukoen laguntzak egoerari aurre egiteko balio dio askori.
Suizidioa mahai gainean
Urtetan zabaldutako ustea da suizidioari buruz hitz egiteak kasuak areagotzeko arriskua dakarrela, baina azken urteetan hori ezeztatu dute hainbat adituk. Horixe azpimarratu dio Tolosaldeako atariari Itsaslore Yarzak, Aidatu Euskal Suizidiologia elkartearekin abenduan emandako hitzaldi baten harira egindako elkarrizketa argigarrian. "Suizidioa zerbait oso intimoa bezala ikusten dugu, baina Durkheim soziologoak aspaldi ikertu zuen dimentsio sozial bat ere badagoela, hau da, gizarte babesak lagundu dezakeela prebentzioa egiten. Gizartean hitz egitea eta gizartearen babesa izatea prebentzio neurri bat izan daiteke". Taburik gabe hitz egiteko eta ikastetxeetan kasuak gertutik jarraitzeko beharra azpimarratu du, eta ohartarazi du "alarma seinaleei" jaramon egin behar zaiela.