Eskolan suizidioa prebenitu eta esku hartzeko protokoloa 613 aldiz abiatu dute EAEn, protokoloa martxan jarri den lehen ikasturtean. Bai irakasleak, bai ikasleak gaian trebatzea da helburua, buruko osasun arazoak ikasleen artean ere arazo larri bihurtu diren garaiotan.
Osasun mentalaren nazioarteko eguna da urriaren 10a, eta hala nola antsietatea eta depresioa gure gizartean zenbat orokortu den gogoratuko dute hedabide eta instituzioek. Haur eta gazteak ez dira salbuespen, eta garai batetik hona ikusgai egin da beste errealitate lazgarri bat: suizidioa.
Joan den ikasturtean, lehen aldiz pentsamendu eta jarrera suizidari aurre egiteko protokoloa abiatu zen EAEko eskola eta institutuetan eta datuek zer pentsatua ematen dute: batez beste, eskola egunetan egunean bi protokolo aktibatu ziren Bizkaian, kasik bat egunero Gipuzkoan eta bi egunean behin alerta bat Araban. Hala argitaratu du El Diario Vasco hedabideak.
1.800 irakasle formatu dituzte gaian, eta helburuetako bat da asmo suizida izan dezakeen ikaslea antzematea. Protokoloa aktibatu den kasuetan, profila anitza da, baina oso sarri lagun talderik gabeko ikasleak dira, beren burua isolatuta edo baztertuta ikusten dutenak. Irakasleak bakarrik ez, haur eta gazteek ere seinaleak antzematen jakitea eta aktibo izatea da lehentasunetako bat, ikaskide bat gaizki ikusten badute abisua pasa dezaten.
Haur eta gazteek ere seinaleak antzematen jakitea eta aktibo izatea da lehentasunetako bat, ikaskide bat gaizki ikusten badute abisua pasa dezaten
“Ezin duzu beste alde batera begiratu”
Berariazko laguntza behar duten ikasleen kopurua nabarmen gora egiten ari den honetan, irakasleen funtzioak eztabaidagai dira hezkuntza komunitatean. Zentzu horretan, ikasleen egoera sozio-psikologiko eta emozionalari erantzuteko irakasleen predisposizioa gero eta ohikoa dela dio Mireia Centeno psikologoak, "edo gutxienez gero eta kontzienteago garela predisposizio horren beharraz, besteak beste gero eta gehiago hitz egiten delako kontu hauetaz guztiaz gizartean". Artizar Susperregi irakaslearen iritziz ere, "azken finean, egoera lehenago edo beranduago lehertzen zaizu eskuetan, ezin duzu beste alde batera begiratu. Jarri zaitezke oso-oso zorrotz eta izan zaitezke irakasle zurruna ikas-materiala ematearekin, zurean itsu, ikasleei beldurra emateraino, baina orduan ere, zurekin ez bada hurrengo ikasturteko irakaslearekin lehertuko da egoera".
Bestela pentsatzen duen irakaslerik ere izango da, Agurtzane Martinez irakasleak azpimarratu moduan: "Egongo dira irakasleak pentsatzen dutenak beren lana ez dela psikologoarena egitea eta nahikoa dutela matematika ematearekin, haurrak beste zerbait behar badu beste profesional batek egon beharko duela behar horiei erantzuteko. Eta sentsibilitatea duten irakasleekin erraza da, baina bestelako jarrera duten irakasle horiekin lanketa egitea eta beren pentsamoldea aldatzea oso zaila da".
Aurreko bi paragrafoak (eta gaian sakontzeko hainbat gako) ARGIAn egindako honako mahai-inguruan aurkituko dituzu: Eskola nola bihurtu espazio psikologiko seguru.
Bestalde, Nafarroan joan den abenduan jarri zuten martxan Suizidio Kodea: kode hau psikiatra eta psikologoek aktibatu dezakete, pertsonaren batek pentsamendu suizidak dituela antzemanez gero, eta segimendua eta baliabide bereziak ahalbidetzen ditu, arloko hainbat profesionalen elkarlanaren bidez. Gutxienez 243 Suizidio Kode aktibatu dituzte ordutik.