Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu du ekimena aste honetan zehar, BECen, Barakaldon. 900 ikastetxetako ordezkariak izango dira eta zortzi orduko formakuntza jasoko dute. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu du ikasleen ongizate emozionala "zaintzea" garrantzitsua dela. Helburua da ikastetxeak elkarbizitza segururako gune bihurtzea.
Hezkuntzako 1.800 profesionalek suizidioaren prebentziorako prestakuntza jasoko dute Hezkuntza Sailak antolatuta aste honetan zehar. Barakaldon egingo dute, BECen. Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntza ematen duten 900 ikastetxetako ordezkariak izango dira. Asteartean izan da lehen saioa, eta parte hartzaileek zortzi orduko formakuntza jasoko dute.
Osasun publikoko arazo bat den heinean, suizidioa Eusko Jaurlaritzaren osasun eta hezkuntza politiken "lehentasuna" ere badela nabarmendu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Era berean, ikasleen ongizate emozionala "zaintzen eta sustatzen" duen eskola eraikitzearen garrantzia azpimarratu du: "Beharrezkoa da bizikidetzarako heztea, gaitasun emozionala landuz, elkarrizketa bidezko ikaskuntza bultzatuz eta zaintzaren pedagogia sustatuz".
Beraz, helburua da hezkuntza arloko profesionalei prestakuntza ematea, beren buruaz beste egiteko arriskuan dauden gazteak detektatzeko "ezagutza espezifikoa" eskura dezaten, hezkuntza arloan babes neurriak ezarriz erantzun dezaten eta osasun zerbitzu espezializatuetara bideratzen jakin dezaten.
Jarduerak Araba eta Gipuzkoako ikastetxeetako ordezkariak batuko ditu, publiko zein itunpekoetakoak, martxoaren 27 eta 28an; 30 eta 31n, berriz, Bizkaiko profesionalen txanda izango da.
Bizikasi ekimena
Suizidioaren prebentzioko prestakuntza jarduera Hezkuntza eta Osasun Sailek osatutako eta iazko urrian aurkeztutako estrategiaren baitan kokatzen da, Hezkuntza-eremuan Jokabide Suizidaren Prebentzioa, Esku-hartzea eta Posbentzioa egiteko Estrategian izenburupean. 2017tik ari dira Bizikasi ekimenarekin.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, helburua da ikastetxeak elkarbizitza segururako gune bihurtzea eta jazarpen egoeren aurrean tolerantziarik izango ez duten gune izaten laguntzea. Oro har, ikasleen artean suizidioa prebenitzeko programetan ikaskuntza sozioemozionaleko jarduerak sartzen dira, hala nola erregulazio emozionala, arazoak konpontzeko eta aurre egiteko trebetasuna, erabakiak hartzea, bizikidetza positiboa, bullyingaren prebentzioa eta osasunerako hezkuntza.