argia.eus
INPRIMATU
Suitzarrek %61,7ko botoekin baztertu dute Europar Batasunarekiko zirkulazioa mugatzea
  • Biztanleriak ez dio jaramonik egin UDC alderdi kontserbadorearen kanpainari, eta EBrekiko muga politika irekita mantentzea erabaki du gehiengoak.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 28a
Argazkia: Wikimedia Commons

Suitzarrek ezezkoa eman dute Europar Batasunarekiko giza eta kapitalen zirkulazio hertsiagoa ezartzearen inguruko erreferendumean, botoen %61,7arekin eta %60ko parte-hartze indizearekin. La Vanguardia egunkariak azaldu duenez, UDC alderdi eskuindar populistaren programak suitzarrek lanpostuetarako lehentasunezko sarbidea izatea eta babes zein onura sozialak EBeko 27 estatuetako biztanleen aurretik eskuratzea defendatzen zuen.

2019ko hauteskundeetan Suitzan boto gehien lortu zituen alderdia izanik, UDCren hautuak galdeketan babes handiagoa izatea espero zen. Ez da hala izan, ordea.

Zirkulazio askearen aldekoek “ekonomiari eragingo lizkiokeen galerak” eta diskriminazioaren aurkako diskurtsoa izan dute ahotan kanpainan zehar. Suitzak neurri murriztaileak ezarriko balitu, Bruselak automatikoki herrialdea estutzeko politika komertzialak bultzatuko lituzke.