Zerbitzu militarraren inguruko galdeketa egin dute Suitzan, eta %73,2ko babesarekin, 1,76 milioi herritar gutxi gora behera, gizonezkoen nahitaezko zerbitzu militarrarekin jarraitzea onartu da. %46ko parte hartzea izan da.
155.000 soldaduk osatzen dute Ejertzitoa. Horietatik 2.650 dira profesionalak, eta gainerakoak behartutako trebakuntza militarra egiten ari diren soldaduak dira.
18 eta 34 urte bitarteko gizonezkoak dira zerbitzua egin behar dutenak. 25 urte baino lehen zazpi asteko entrenamendu militarra egin beharra daukate, eta ondoren hemeretzi eguneko sei ikastaro.
Armarik gabeko Suitza baten alde taldeak eskatutako galdeketa hirugarrenez egin da. Lehena 1989an egin zen, bigarrena 2001ean eta 2013koa da jarraikortasuna adierazi duen hirugarrena. 2011n gainera, armak etxean gordetzeko eskubidearen inguruko galdeketa egin zuten eta baiezkoa atera zen.
Austriak ere nahitaezko zerbitzua
Austriak iragan urtarrilean egin zuen nahitaezko zerbitzu militarrarekin jarraitu ala ez erabakitzeko galdeketa. Baiezkoak irabazi zuen. Europan Norvegia, Finlandia, Danimarka, Estonia, Grezia eta Zipre dira, Suitza eta Austriaz gain, eredu horretako zerbitzu militarra daukatenak.