argia.eus
INPRIMATU
Suitza, neutrala baina armatua
  • Bere neutraltasunagatik da ezaguna Suitza. Hura da, ordea, biztanleko armarik gehien duen Europako herrialdea: 46 arma 100 biztanleko. Mundu osoan, soilik AEBek eta Yemenek gainditzen dute ehuneko hori, Small Arms Survey erakundeak jakinarazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 01
Armen kontrako afixa, Bernan (Argazkia: Wintiloewe.ch)

Ehiza eta kirol eskopetak aintzat hartzen ez dituzten datuen arabera, 2,3 milioi arma leudeke 8 milioi biztanleko herrialdean. Arrazoi nagusia armadaren berezitasuna da. Suitzako militarren %5 besterik ez da profesionala. Armadako gainerako kideak 20 eta 34 urte arteko herritarrak dira. Suitzan, trebakuntza militarra derrigor jaso behar dute gizonezkoek, eta emakumezkoek hala nahi izanez gero. 42 urte bete arte, aldian behin ariketa militarrak egiten dituzte.

Bitartean, herritarrek euren armak etxean gorde ditzakete. Behin 42 urte beteta, gainera, arma horiek oso merke erosteko aukera dute. 2011n, suitzarrek armak etxean gordetzeko eskubidea babestu zuten erreferendumean.

Armen jabetzari buruzko auziak lehen lerrora egin du jauzi berriro, iragan asteazkenean egurgintza enpresa bateko langileak bi lankide hil, beste zazpi zauritu eta bere buruaz beste egin ostean.

Tiroketak nahikoa maiz gertatzen dira Suitzan. Heriotza gehienak suizidioak dira. Armen kontrako kolektiboek azaldu dutenez, 2011ko egitasmoak aurrera egin izan balu, suizidio tasa murriztu egingo litzateke.