argia.eus
INPRIMATU
Suhiltzaileen lan eskaintzako “hanka sartzeak” onartzeko eta zuzentzeko exijitu dute Legebiltzarrean
  • Araba eta Gipuzkoako suhiltzaileen LEPean "irregulartasunak" salatu dituzte suhiltzaileek, eta langileekin "ezer hitz egin gabe" jokatzea. Orain lanean ari diren suhiltzaileen %75 kanpoan geldituko direla adierazi dute. Ostegunean Eusko Jaurlaritzaren aurrean protesta egin dute "hanka sartzeak" konpontzeko eta probak Arkautiko Polizia Akademiaren esku uztea galarazteko.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 23a
Ostegunean Gasteizen protesta egin dute suhiltzaileek LEPeko \"irregulartasunak\" salatzeko. / Argazkia: Opositoreak Sutan

Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileen azken LEP lan eskaintzak protestak eragin ditu Arkautiko Polizia Akademiak kudeatu dituelako eta azterketak “irregulartasunez betea” egon delako, suhiltzaileek azarotik hona salatu dutenez. Asteazkenean Legebiltzarrean izan dira profesionalak eta sindikatuetako ordezkariak, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, LEPean egindako “hanka sartzeak” onartzeko eta zuzentzeko eskatzeko.

Azterketa ez zela bidezkoa izan kritikatu dute suhiltzaileek, azaroaren 26an egin zenetik. Besteak beste, aurrez esandakoaren kontra egiten zuelako eta “nahierara” jokatu dutelako. Aurkeztutakoen %15ak soilik gainditu zuen hautaproba. Honako albistean daude suhiltzaileen protestarako argudioak xehetuta. 

EAJko hainbat ordezkarik, aldundietakoak barne, adierazi dute ulertzen dutela “gainditu ez dutenen tristura”, baina azterketak neurri guztiak bete dituela eta ziurtatu dute ez zuela  “neurriz kanpoko ezer” eskatzen.

Suhiltzaileek Arkautik aurkeztutako emaitzei helegitea jarri diete, baina salatu dute akademiak denak ezeztatu dituela “azalpenik eman gabe”.

Ostegunean Arabako suhiltzaileek protesta egin dute goizean Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, irtenbideak eskatzeko “kalean geldituko diren %75 langileren arazoari”, eta Arkautirekin baterako lan eskaintzen frogak baztertzeko.