Asteburua mugitua izan da Hendaian. Sasiko Gaztetxetik kanporatuak izan eta berehala, gazteek suhiltzaileen kaserna zaharra eta hutsa okupatu zuten larunbatean.
Sasiko Gaztetxeko kideak Kotte Ezenarro auzapezaren aginduz kasernatik kanporatuta izan ondoren, auzapeza bera eta Chantal Kehrig-Cottencon auzapez-ordea negoziatzeko prest agertu ziren. Une luze batez mintzatu ondoren, egoitza bat aurkitzeko asmoa azaldu zieten gazteei.
Herriko Etxeak hemezortzi hilabeteko epea eskatu die gazteei Sasiko gaztetxearen segida izanen duen lokal bat eskaintzeko. Udaletxearen eta Gaztetxearen arteko hitzarmena eskuz egina da, eta bi aldeek sinatua.
Kaserna zaharraren okupazioak eta Kotte Ezenarroren jarrerak oihartzuna izan dute egun hauetan, bai prentsan bai sare sozialetan. Gaztetxeko kide Oneka Jauregiren esanetan, auzapeza “urduri” agertu zen kasernara.
Antza denez, Kotte Ezenarro alkatea hausnartzera gonbidatu zuen gazteen jarrera irmo eta argiak, baita aipatu adostasuna lortzera bultzatu ere nonbait.
Hendaiako Sasiko Gaztetxea Orio auzoko etxe batean egon da bi urtez, etxea Parisko ospitale batena da. Gazteek sostengu zabala ukan dute, baita ekimen ugari egin ere. Hala ere, Baionako auzitegiak etxearen hustea ebatzi zuen.
Iruñeko Maravillas gaztetxearen afera eta Hendaiako Sasiko gaztetxearen mugida garai berean gertatu dira. Biek ala biek, elkartasuna adierazi diote elkarri azken asteotan. Sare sozialetako mezuetan ageri legez.