argia.eus
INPRIMATU
Suhiltzaileek ez dute polizia-akademiaren barne egon nahi
  • Arkautiko polizia-akademiak kudeatu du suhiltzaileen azken lan-eskaintza deialdia, eta Araba eta Gipuzkoako lurraldeetarako egin diren azkenak "irregularrak, ilunak eta beharretatik urrun" daudela salatu dute suhiltzaileek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 20a
Azken egunetako protestetako bat.

Jaurlaritzako Segurtasun sailaren Arkautiko polizia-akademiak kudeatu du Foru Aldundietako suhiltzaileen sarbidea, eta joan den astean Eusko Legebiltzarrean eman zuten egoeraren berri EH Bilduren bidez.

Azken lan-eskaintza publikorako deialdia "irregulartasunez betea" egon dela salatu dute, ez baitzen inola ere "azterketa justua izan", proba psikoteknikoek "behar baino garrantzia handiagoa" dutela argudiatuz: "Estatuko beste zonaldetan alde batera uzten joan diren bitartean, hauen zilegitasun eta eraginkortasuna zalantzan jartzen dituzten sententzia ugariren ondorioz, Arkautik diseinatutako EPEan azterketa mota hauek suhiltzaileen gai espezifikoei baino askoz garrantzi handiagoa eman diote". Are gehiago, proba psikoteknikoen presentzia handitu egin zen azken azterketan, aurrez abisatu gabe.

Gauzak horrela, aurkeztutako pertsonen %15ak soilik gainditu zuen azterketa, eta Arkautiko akademia "proba berrikustera behartua" ikusi zen; emaitzak birbarematzea erabaki zuten suhiltzaileen arabera, eta "nahierara" handitu zuten langa.

Eta suhiltzaileen esanetan, ondorio da bitarteko %75 langile kalean geratuko direla: "Gestio eskas honen ondorioz, sortutako langile faltak egunerokotasunean Araba eta Gipuzkoako biztanleen segurtasunean eragiten duten egoerak gertatzen dira. Kabo-lanak bitarteko suhiltzaileek egiten dituzte, beraien esperientzia eta formazio falta kontutan hartu gabe. Hauetako batzuk ez gai izendatu ditu Arkautik".

Protestak egiten ari dira kalean, eta lau eskakizun luzatu dituzte:

  1. Suhiltzailetako EPEak suhiltzaileentzat izan daitezela, alegia, ofizioan oinarritutako gaitegiak eduki dezala garrantzirik handiena.
  2. Beraz, froga psikoteknikoak desagertzea, bere balio ezagatik eta suhiltzaile lanarekin zerikusirik ez dutelako.
  3. EPEak Arkautiko polizia-akademiak ez egitea, beraien eredua argi ikusi delako iluna, irregulartasunez betea dela, eta beharretik urrun dagoelako.
  4. Hautapen-prozesuen baldintzak askotariko zerbitzuetako langileen ordezkariekin negoziatuak izatea.