argia.eus
INPRIMATU
Sufrimendu psikosoziala pairatzen duten pertsonen kontrako “tortura” amaitzeko eskatu dute Iruñean
  • Manifestazioa egin dute Iruñean Nafarroako Mejorana elkarteak antolatuta, sufrimendu psikosoziala jasaten duten pertsonak ikustarazteko, beren eskubideak aldarrikatzeko, eta estigmarekin apurtzeko.

     

Olaia L. Garaialde 2024ko ekainaren 10
Sufrimendu psikosoziala jasaten duten pertsonen eskubideen aldeko manifestazioa Iruñean. Sufrimendu psikosoziala jasaten duten pertsonen eskubideen aldeko manifestazioa Iruñean.

Aske izan, estigma hautsi lelopean kalera atera dira Iruñean Eromenaren Harrotasun Egunean, eta sufrimendu psikosoziala jasaten duten pertsonen eskubideak aldarrikatu dituzte. "Gure helburua da etengabe urratzen dizkiguten eskubideak aldarrikatzea, ikustaraztea eta estigmarekin apurtzea", azaldu dute antolatzaileek.

Euste mekanikoak, kimikoak eta elektroshockak amaitzeko eskatu dute; hau da ohera gehiago ez lotzea eta medikalizazioa etetea: "Euste kimikoak gu ohera iltzatzeko mekanismo deskafeinatuak dira". Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa jardunaldietan Mejorana elkarteko kideek salatu zuten, 2023. urtean, Nafarroako psikiatriko publikoetan 171 aldiz lotu zutela norbait ohera. 

Bandada musika taldeak egunerako propio sortutako kanta batez girotuta hartu dituzte kaleak, eta jai giroan altxatu dute ahotsa. "Eromenak kobertura behar du, eta ez tortura" dioen pankarta batekin egin dute bidea.

 

Hemen ahotsa.infok manifestazioaz egin duen bideoa: