argia.eus
INPRIMATU
Suezko kanala itxita dago zamaontzi bat diagonalean gurutzatuta geratu delako
  • Suezko kanala asteartetik dago itxita ez-ohiko gertarakari baten ondorioz: Ever Given zamaontzia diagonalean gurutzatuta geratu da ubidean haize-bolada baten ondorioz. Itsas trafikoa eten da eta munduko itsas buxadurarik handiena eragin du.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 25a

Suezko kanala asteartetik dago itxita, ez-ohikoa den arrazoi batengatik: 400 metroko eta 240.000 tonako Ever Green zamaontzia diagonalean gurutzatuta geratu da, 300 metroko zabalera duen bide nabigagarrian. Egoera horren ondorioz, Mediterraneoaren eta itsaso gorriaren iparraldearen arteko itsas trafikoa eten egin da. 

Ontziaren armadoreek ohar batean jakitera eman dutenez, "zamaontzia ustekabean enkailatu zen, haize-bolada batek jo ostean, ziurrenik". Suezko Kanalaren Agintaritzak, instalazioa administratzen duen Egiptoko enpresa publikoak, berehala hasi zuen ontzia askatzeko operazio bat: lau atoiontzi bidali dituzte hegoaldetik eta bi iparraldetik, ontzia berriro nabigatzeko moduan kokatzeko, edo, gutxienez, ubidearen alde batean mantentzeko, asteartetik iparralderantz doazen konboian jarraitzen zioten ontziak igaro ahal izateko.

Hondeamakina honetan jarrita dago mundu osoko begi asko.

Duela 150 urte baino gehiago ireki zuten Suezko Kanala, eta geroztik milaka kilometroko nabigazioa aurrezten du Europa, Afrika ekialdea eta Asia arteko itsas trafikoan, Afrikako kontinente osoa Hegoafrikako Esperantza Onaren lurmuturretik inguratu beharra saihesten baitu. Gaur egun, erabiltzaileak zamaontziak edo gasa eta petrolioa garraiatzeko ontziak izaten dira. Hala ere, edozein itsasontzik zeharka dezake kanala, ubidearen kudeatzailearen baimenarekin. Munduko merkataritzaren %10a hortik igarotzen da eta, batez beste, 50 ontzik zeharkatzen dute egunero, urtean 18.000 inguruk.

Ever Green ontzia Txinatik Herbeheretara iristekoa zen, mundu osorako merkantziarekin. Ezbeharra gertatu zenean, 15 ontzi utzi zituen atzean, eta gerora, hurrengo egunetan kanala zeharkatu behar zuten ehundaka ontzi gehitu zaizkie. Mundu mailan itsas-trafikoko buxadura handiena eragin du eta itsasontzien kolapso egoerak okerrera ez egiteko, Suezko Kanaleko Agintaritzak ostegun honetan iragarri du nabigazioa "aldi baterako etenda" geratuko dela. 

Adituen arabera, datozen 24-48 orduetan kanala desblokeatzen ez bada, enpresa batzuek beren itsasontzien ibilbidea aldatu eta Afrikako adarrera eramango dituzte, eta horrek astebete gehituko dio bidaia planari.