Europa iparraldeko estatuak ez du konfinamendurik ezarri, ezta higiene neurri zorrotzik erabaki ere. Orain, ordea, kutsatu eta hildakoen kopurua gora egiten ari denez, gobernuak larrialdi legea onartu du oposizioarekin, eta lege horrek konfinamendu posible baterako atea zabaltzen du.
Jendearen arteko tartea mantentzea zen, orain arte, suediarrek bete behar zuten lege bakarra. Gainontzekoan, bizitza normala egiten jarraitu dute herrialdean, tabernak eta eskolak zabalik. Arrisku taldeak izan dira konfinatu dituen bakarrak, eta herriaren elkartasunaren esku utzi du neurriak betetzea.
Eta kutsatu eta hildako kopurua hazi egin da: 7.693 kasu eta 591 hildako daude, eta gobernuak larrialdi legea onartzea erabaki du. Lege hori ekaina bitarte egongo da indarrean, eta tabernak, jatetxeak edo saltoki handiak ixtea ahalbidetzen dio gobernuari, parlamentuaren onespenarekin, betiere.