Armadaren eta Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarraren arteko gatazkak eztanda egin du asteburuan, batik bat Khartum hiriburuan. Herrialdeko agintaritza osatzeko trantsizio epean daude bi aldeak, baina botere gatazkak borroka odoltsua eragin du.
Larunbatean lehertu zen Sudango armadaren eta Laguntza Azkarrerako Indarrak (RSF) talde paramilitarraren arteko borroka. Ordutik, gutxienez 97 hildako eta 942 zauritu eragin dituzte erasoek, herrialdeko Medikuen Sindikatuaren arabera. Gainera, zaurituak artatzeko beharrezko baliabideen eskasia dute ospitale batzuek, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, The Guardianen esanetan.
Khartum hiriburua izan da borrokaren erdigunea, baina herrialde osora zabaldu da. 2019an Omar Al-Baxir diktadorea boteretik kendu zuten militarrek, 30 urtez presidente izan eta gero. Orduan abiatu zuten trantsizio epea armadak eta paramilitarrek, “zibilek gidatutako gobernu demokratikoa” eratzeko, baina ez dute lortu akordio batera iristea, eta bien arteko desadostasunek indarkeria eztanda eragin dute. Elkarri leporatzen dizkiote hildakoak eta erasoak.
Armada Abdel Fattah Al-Burhan jeneralaren aldekoa da. Hain zuzen, horixe da Trantsiziorako Kontseilu Subiranoko de facto presidentea. RSF talde paramilitarra, ordea, Al-Baxir presidente ohiak eratu zuen, eta egun Mohamed Hamdan Dagalo Hemedti jenerala da burua, hain justu Kontseilu Subiranoko presidentearen ondokoa. Bi taldeen botere lehia dago borrokaren oinarrian.
Sudan 2019tik dago demokraziarako trantsizioan. Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren helburua da zibilek gidatutako gobernu demokratikoa eratzea, baina bidean gatazka ugari izan dituzte. 2021eko urrian estatu kolpea jo zuten militarrek, lider zibilek eta militarrek elkarbanatzen duten trantsizio gobernuan desadostasunak zirela eta. Azaroan akordioa sinatu eta boterera itzuli zen Abdalla Hamdok estatuburua, baina krisi ekonomiko-politikoa handitu zen, orain arte irauten duena.
Asteburuko borroka piztu du trantsizioaren beste auzi batek: zein leku eman RSF talde paramilitarrari Sudango armadan. Krisiak okerrera egitea eragin du, eta herrialdean indarkeria gehiago zabaltzeko arriskua dago.