Ulertzen ez ditugun fenomenoen multzoan sailka daitezke ametsak. Ulertzen ez ditugun arren, hain dira biziak, hain sarkorrak, hain errealak. Eta, nola irudika ditzakegu ametsak? Biharamunean askotan ez ditugu loaldiko bizipenak gogoratzen, eta asaldatuta esnatzen garenean ere kolpean desagertzen dira segundo batzuk lehenago gure subkontzientera egindako bidaiak.
Ametsen mundu liluragarri eta beldurgarrian murgildu gaitu Organik dantza konpainiak. Ondoloin ikuskizuna estreinatzeko plaza esanguratsua aukeratu dute: Leioako Umore Azoka. 24. aldia izan du jaialdiak aurtengoa, eta orotara mundu osoko 41 konpainiaren 80 bat emanaldi bildu ditu programak. Dantza, zirkua, antzerkia… arte eszenikoak nonahi Leioako kaleetan; eta, tartean, Organik konpainiaren Ondoloin. Natalia Mongek zuzendu du emanaldia, eta Ainara Bento eta Iñigo Rementeria dantzariek gorpuztu dute dantzaldia.
Bustita dago udaletxeko plaza, eta hormigoizko eskaileretan pilatu dira 50 bat ikusle. Plazaren erdian zutik emanaldiaren bi protagonistak. Bozgorailuetan musika, eta eszenografia osatzen elementu bakarra: bi burko zuri. Musikaren erritmoan abiatu da ametsen mundura bidaia.
Harmoniatsuak dira lehen mugimenduak, leunak eta pausatuak. Hala izango dira protagonisten ametsak. Bata besteari jarraitzen diote dantzariek, eta topatzen diren aldiro lotzen dira bien gorputzak. Lozorro lasaia.
Lo kuluxka lasaia ez ezik, loaldi jostagarria ere irudikatu dute. Sinkronia paregabean, amets dibertigarri batean murgildu gaituzte. Lozorro atsegina hau ere. Begiak itxita eta burua burkoan pausatuta, poztasuna trasmititzen dute dantzariek.
Kolpean moztu da loaldi goxoa. Badator mehatxua, badator amesgaiztoa. Musikaren kolpe sarkorrek gidatuta, infernura norabidetu gaitu emanaldiak. Dantzarietako batek motots ilegorria askatu du, eta bere irudia erabat eraldatu. Burko guda irudikatu dute. Elkarrekin ari ziren dantzariak, elkarren aurka dabiltza orain. Aldatu zaie gorpuzkera, ibilera, keinuen gordintasuna eta baita aurpegiaren espresioa ere. Amesgaiztoen dantzak hartu du oholtza.
Eta, nora garamatza amesgaiztoak? Hortik atera nahi izatera. Amesgaiztotik esnatu nahi dugu, ihes egin. Hitz bakarra ahoskatu du dantzarietako batek: ‘Aita’. Horrela hasi eta horrela bukatu da emanaldia. Amets goxoetan, aita; eta, amets ilunetan, aita.