argia.eus
INPRIMATU
Suak berotu gaitzan eta ez erre

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2024ko uztailaren 05a
Hernaniko akelarrea / Ekainaren 23an / Gudarien Plazan (Hernani) / Herritarrek zuzendu eta antzeztu dute obra. Argazkia: A. Mariezkurrena.

Erlijio kristauak sorginen ezagutza, jakinduria eta autogestioa akabatu zituen pentsamendu eta, hortaz, bizimodu zehatz bat inposatuta. Torturatuak, bortxatuak eta erailak izan ziren. Uste erlijioso horiek Europako zoko guztietara eraman nahian, sutan erre zuten praktika paganoak egiten zituen hainbat herritar. Egun dugun egutegia kristaua da eta zein gau hoberik, urteko luzeena, gertatutakoa gogoratu, sinesmen erlijioso kristauari aurre egin, elkartu eta festa egiteko akelarrean.

Urtetan ekitaldi herrikoi eta pagano batek hartu du Hernaniko plaza San Joan gauean. Jaiei hasiera ematen die eta antzerki forma dauka, baina dantza, musika eta kantua ere gehitzen zaizkio, formatu horretako sorkuntzetan izan ohi den moduan. Naturari lotutako elementuek giroan kokatzen dute hasieratik: egurrek, makilek, adarrek, lastoak eta suak, besteak beste; baita pixkanaka agertzen diren sorginek, adarrak dituzten izakiek eta akerrak ere. San Joan gauean suak protagonismo handia du, baina ez da Elizak piztu zuen hori, ez, Euskal Herriko ohitura zahar guztiek bezala, naturaren fedeari eutsi eta udari ongi etorria emateko eguzkia irudikatzen duen elementua baizik. Pena da urteroko ekitaldi tradizionalean pizten dela “benetako” sua, akelarrearen ondoren. Ikusleak su hori espero du, eta kontatzen ari garen proposamen herrikoia anekdota baino ez da izaten.

Ekitaldia lehenengoz proposatu zenean herriko hainbat fededuni mina eman zien arren, gero eta begirada gehiago bereganatu ditu. Aurtengoan 20:00ak baino dezente lehenago hurbildu da jendea lekua hartzera. Euri jasak ez du inor etxean uztea lortu, are gutxiago parte-hartzaileak. 300 bat badira eszenatokian, gehienak gazteak, begira garenon zirrarak puzten. Eszenatokia plaza izanik, borobilean eseri dira gehienak. Zuziak eusten sartu direnek protagonismo handiagoa hartu dute, eta erdialdean dagoen lasto gainean irudi esanguratsua antolatu dute. Haiek izango dira gero Inkisizioak epaituko dituenak eta kontra egingo dietenak, orgia moduko batean festa egiten amaituko dutenak, garaile.

Edozein dramaturgian ezin da gatazka sortuko duen elementurik falta eta hemen Eliza da paper hori betetzen duena. Zuriz eta ondo jantzita datozenak dira traidoreak eta inposatzaileak. Sorginak epaitzera eta erretzera datoz, oldarkor. Ikusleak haien aurka kokatzea "lortzen" dute, ordea. Aurretik bi sorgin agertu dira istorioa kokatzera, haien eguneroko egoera xume bat irudikatuz. Bere erara bizi diren bi pertsona dira, eta sendabelarren gaineko ezagutza dutela agerian geratu da. Inkisidoreek hori desagerrarazi nahi dute, ez baitute inoiz onartuko euren mugen barruan egongo ez litzatekeen bizimodurik; ez sormen- eta egite-jakinduriarik, ez gorputza eta sexualitatea era askeagoan biziko duenik, ezta bere kabuz pentsatu eta agintea ukatuko duenik ere. Inkisidoreak sorginen pentsamendua garatzea galaraztera eta edonolako agintaririk gabe bizitzeko ahalmena ukatzera etorri ziren, eta pena eman dit fokua horretan ipini ez izanak.

Sormen herrikoiek badute kohesio sozialari eta koherentzia kolektiboari eutsi nahi izateko joera, eta hortaz, logika komunari eutsi nahi diona. Dena den, egungo errealitatera ere ekarri dituzte ideia haiek Palestinan gertatzen ari den genozidioa gogora ekarrita, eta “orduko inkisidoreak gaurko militarrak dira” bezalakoak esanda, besteak beste.